Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Hesia aterpeari

2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Etxegabe bat hil da asteon Bilbon. Kalean lotan zela. Aste berean, Bilbon bertan, Atxuri auzoan migratzaile gazteek lotarako erabiltzen duten saskibaloi zelai estalian hesiak jartzen hasi dira. Auzotarrek eta etorkinekin lan egiten duen harrera sareak gogor salatu dute gertatzen ari dena, gaua han igarotzen duten dozenaka gaztek laster beste aterpe bat bilatu beharko dutelako, eta hori gero eta zailagoa da hirian.

Tokiko erakunde publikoek baduteeuren herrietan gauerako aterperik ez duten horien ardura, baina kezkarik handiena, maiz, maizegi, teilatupe bat eskaintzea baino gehiago, duten aterpe eskasa kentzea izaten da. Ez da berria. Badira urte batzuk hainbat herritan kaleko bankuak moldatu zituztela, bertan inork etzateko aukerarik izan ez zezan.

Larrigarri gisa, Bilboko udalbatzak azaroaren 29an onartu zuen Migraziorako Euskal Itunari atxikitzea, eta, hain justu ere, saskibaloi zelaia hesitzea ez da planak jasotzen duena. «Jaso beharko genukeena eskaintzea» da itunaren printzipio etiko nagusia, eta konpromisoetako bat da «zaurgarritasun-egoeran dauden migratzaileei behar diren baliabideak eskaintzea, erantzun humanitario egokia emateko». Gutxi dira kalean bizi behar duten herritarrak baino zaurgarriago, eta ez dirudi erantzun humanitario egokia denik lo egiteko topatu duten estalpe bakarra kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.