mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ezohiko greba

2019ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ez da ohiko greba bat. Batetik, immigranteak direlako langile asko, gehienak. Bestetik, lehen sektorean gertatzen ari delako, laborantzan. Eta, azkenik, LAB delako borrokaren gidaria, non eta Erriberan, Azkoienen. Huerta de Peraltako greba mugagabeak beste osagai askoren arrastoak ditu aldamenean, eta horrek ezohiko bihurtzen du, baina funtsean lan gatazka ohiko bat da: beren eskubideak defenditu nahi izan dituzten langile batzuk kaleratu ditu zuzendaritzak, eta horiek berriro lanean hartzea nahi du langile batzordeak; prekarizatutako sektore batean —laborantza—, prekarizatutako langile jendearen artean —immigranteak— eta prekarizatutako eskualde batean —Erribera—. Astearteko bileratik zuzendaritzak zer erantzungo zain zeuden, eta atzo erantzun zieten ezetz. Hortaz, abenduaren 26an hasitako greba mugagabearekin jarraitzea erabaki du langile batzordeak. Orain arte, egin dituzte manifestazioak, blokeatu dituzte lantokiko ateak, egin dituzte protestak egunero, eta jaso dituzte foruzainen borrakadak. Baina ez dute lortu zuzendaritzak eskua ematea, eta, orain, langile batzordeak Nafarroako Gobernuari eskatu dio bitartekari gisa esku hartzeko. Ez da enpresa txikia Huerta de Peralta. 2016an lau milioi euroren inbertsio bat egin zuen, produkzio sistemak berritu eta baratzeak handitzeko. Nafarroako Gobernuak ia 300.000 euroren laguntza eman zion orduan. Aurreko urteetan ere eman izan dizkio laguntzak. Administrazioak baluke zer esana, beraz; hitz egiteko borondaterik izango balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.