jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Bozak

2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Nahi zuen lekuan dago Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidentea: hauteskundeen atarian. Inkestak alde ditu aspalditik, eta hauteskundeak gogoan, hauteskunde gogoz jokatu du negoziaziorik nahi ez duen negoziatzailearen rola. Politikoa baino gehiago, mediatikoa izan da prozesua. Teorian, Espainiako Gobernua osatu ahal izateko; praktikan, hauteskundeei begira norbere burua kokatzeko, gobernurik nahi ez dutenak besteak direla saltzeko.

Sekulako ezusterik ez bada, Pedro Sanchezek irabaziko ditu berriro hauteskundeak. Aukera asko daude, ordea, hauteskunde berriak eginda ere, puntu gutxi batzuk gora edo behera, emaitzak zaharrak edo zaharren antzekoak izateko, blokeen indarra bere horretan geratzeko.

Alegia, Sanchezek oraingo aukera berdintsuak izan litzake gobernua osatu ahal izateko. Orduan, Sanchez benetan behartuta egongo da gobernua osatzera eta, gobernua osatu ahal izateko, derrigorrean, benetan negoziatzera. Beraz, amore ematera. Parean duena eta hark ordezkatzen duena errespetatzera. Berea izango baita ardura eta obligazioa. Orduan ez dio balioko —orain ere ez, baina herritarren sumindura apalagoa da— oposizioko alderdiei inbestidura doan eskatzeak eta negoziazioetan jarrera harroputza izateak. Orduan beste hauteskunde batzuetara deitzea ez da aukera bat izango, politikoki bere buruaz beste egin nahi ez badu behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.