mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Urak nahasita arrantzan

2021eko irailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Kongresuan konstituzioaren erreforma bat bozkatzekoak dira bihar. Gobernuak konstituziotik «gutxitu» solasa kendu nahi du —disminuido, gaztelaniaz—, elbarriak izendatzeko kutsu peioratiboa duelako gaur egun. PPk eta Voxek ezetz bozkatzeko asmoa dute. PPk justifikatu du erranez ez dela konstituzioa aldatzeko «une egokia». Vox argiago mintzatu da: «Adierazpena bikaina da».

Deigarria da, ideologia politikoak argien identifikatzen dituzten gai handi eta tradizionaletatik aparte, eskuin muturrak nola hartzen duen jarrera gizartean eztabaida eta desadostasun handia sortzen duten bertzelako auzietan.

Pandemia adibide argi bat izan da, ikusita hainbat herrialdetan zer jarrera hartu duen neurri murriztaileen eta txertoen aurka. Herrialdez herrialde, berriz, adibide anitz topa daitezke. Espainian bertan, errate baterako, ekologisten eta ehiztarien arteko talka ohikoetan, Voxek lehenbiziko lerroan defendatu beharreko baliotzat hartu du ehiza; Italian, Fratelli d'Italia alderdiak jendaurreko agerraldiak egin ditu bidegorriak xehatzeko hainbat hiritan...

Zenbat kuadrillatan ez ote dira eztabaida sutsuak pizten gai horiekin? Aldaketa baten aitzinean sortzen diren jarrerek eragiten dituzte eztabaida horiek, eta eskuin muturrak alde bat hartu ohi du, eta suarekin gaiztotu, hori «gutxitu» konstituzio batetik kentzea bezain kontu geza denean ere. Ur nahasietan arrantza egiteko aukera bilatzen du beti; edo, zehazkiago, urak nahasita arrantza egitekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.