gurutze izagirre intxauspe
HIZPIDEAK

Esaten denaz eta esaten ez denaz

2018ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Turismoak ez du, antza denez, goia jo. Hazten segitzen dute datozenen kopuruek eta egonaldien prezioek. Eustat-ek atzo emandako datuen arabera, %20 hazi dira hoteletako logelen prezioak azken hiru urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Egonaldiak Donostian garestitu dira gehien. Duela hiru urte baino %10 garestiagoa da gaur Donostiako hotel batean gau bat igarotzea. Baina horren eragin katea ez da hor hasi eta amaitzen: garestitzen da komertzioa, egokitzen da zerbitzua datozenen neurrira, hirian bertan bizi direnentzako erosketaren saskia betetzea gero eta garestiagoa da, eta abar, eta abar.

Atzo emandako datua begi onez hartu du Jaurlaritzako Turismo sailburuak, eta Espainiara begira jarri da konparaziorako, hango joera Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin bat ez datorrelako; datua hobea delako. Harekin konparatzeak ematen du zer pentsatua, baina baita jaulkitako datuak ere. Azaldu du egonaldiak zenbat garestitu diren, eta horrenbestez enpresen irabaziak ere hazi direla eman du aditzera. Ez du azaldu, ordea, hotel horietako langileen soldata ere hein berean igo ote den, langile horien lan baldintzak hobetu diren, lan kontratuak zer-nolakoak izan diren... Emango liguke horrek neurri bat goia ikusten ez zaion ereduaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.