martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Noumea ez dago Espainian

2019ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Egun aproposean iritsi da Kaledonia Berrian bigarren independentzia galdeketa datorren urteko udan egingo dutela jakinarazi digun albistea. Politika jakobinoaren erreferentzia nagusia den Frantzian, deszentralizazioa martxan berandu bezain ahul jartzera oso berandu iritsi den Frantzian, eremu kontinentalaren barruan dauden errealitate nazionalei ia dena ukatu dien Frantzian, posible da independentzia erreferendumak egitea. Kaledonia Berria urruti dagoelako izango da segur aski, baina egin egiten dira. Eta ez bat, hiru baizik; horrela dagoelako adostuta 1998ko Noumeako Akordioan, orduko Frantziako Gobernuaren eta uharteko independentziazaleen artean. Urte haietako istilu larri eta bortitzen ondorioz onartu behar izan zuen Parisek autonomia handiagoa Kaledonia Berriarentzat, eta hiru galdeketa egin ahal izateko eskubidea.

Egun egokian iritsi da berria, Kataluniako independentzia prozesuko buruzagiei kartzela zigor ikaragarriak ezartzear direla. Gustura hartuko zuketen Noumeakoa bezalako itun bat hurrengo urteak kartzelan igaroko dituzten buruzagi katalan errugabeek, Espainiako Gobernuak horretarako aukera eman balie. Ez da izango ez saiatzeagatik, bata bestearen ondoren atzera bota baitzizkieten egindako proposamen guztiak; autonomia zabaltzeko eskaerarekin hasi zirenetik independentzia galdeketa adostua proposatzen bukatu zuten arte.

Urruti dago Noumea Espainiako estatu egituretatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.