martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Epai injustua

2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Ohikoa da gure kultura politikoan errespetua aitortzea auzitegien erabakiei. Epai baten balorazioa egin aurretik ,«magistratuei zor zaien errespetuarekin…» bezalako esaldiarekin hasten gara jendaurreko balorazioa egiten. Garai batean santuen irudiekin bezala, halako gurtze moduko bat zor omen zaie togadunen erabakiei. Ez da ohitura hori urruti ibiliko herritarrek auzitegiei bide zieten beldurretik.

Aldekotasuna erakustea zaila jarri digun epaia eman zuen atzo Parisko Auzitegiak, ebatzi baitu Oier Oak bete egin beharko duela Frantziako lurraldean bizitzeko daukan debekua, nahiz horren ondorioz emaztearengandik eta semeengandik bereizita bizi beharko duen. Oak 2015ean bete zuen 2012an atxilotu ondoren ezarri zioten espetxe zigorra; eta, debekua betez Donostian bizi izan zen tarte laburra kenduta, bizitza arrunta egin du Larresoron bere familiarekin, iazko azaroan Frantziako lurraldean bizitzeko zeukan debekua urratu zuela argudiatuta atxilotu zuten arte.

Zer zentzu dauka, mendekua ez bada, zigorra aspaldi bete eta lanean ari den Oari, garai hauetan, gizalegezkoa ez den horrelako zigorra ezartzeak? Hori al da preso ohi batentzat Parisko epaile horiek daukaten «gizarteratze eredua»?

Gure herrian ezer aldatu ez balitz bezala jarduten dira hainbat epaile Frantzian eta Espainian. Ez da erraza epai horiek «merezitako errespetuarekin» baloratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.