mikel rodriguez
HIZPIDEAK

'Pikutara, ez goaz hemendik'

2022ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Manifestazio bat funtsean da jende bilkura bat leloak erraten. Erregimena kezkatu dezake, eta etorkizunean gertakari handiagoei bidea ireki, baina bere horretan ez da inportantea. [...] baina manifestariak gai badira haien terrenoa mantentzeko tirokatuak izan ondoren, orduan hagitz inportantea da». George Friedman Stratfor kontsultoraren sortzaileak—CIA pribatua erran izan zaionekoak— idatzi zuen hori Iraultza eta mundu musulmana artikuluan, 2011n, herrialde arabiarretako matxinaden harira. Police Academy 1984ko komedia mitikoan, polizien trebakuntzan manifestarien rola egin behar zutenek behin eta berriz errepikatzen zuten Pikutara, ez goaz hemendik horrek bertze modu batean laburbiltzen duen ideia: manifestariak espazio publikotik alde egiteari uko egiten dionean, aginteak orduan hartzen du serio.

Seaskako guraso, ikasle eta irakasleek ez dute ausaz hautatu, beraz, Frantziako Estatuaren eraikin bat okupatzea. Gobernuaren erantzun etiko eta bidezko bakarra azterketak euskaraz egiteko eskaera onartzea litzateke. Jaramonik egiten ez badu, auzia iraupen lehia bat bihur liteke. Zinikoago ere jokatu izan du, borondate oneko konpromisoak adierazita protesta desaktibatu, eta gero hitza ez betetzeko. Edo bertze hizkuntza eta identitateak deuseztatuta eraiki diren estatu-nazioek egin ohi dutena ere egin lezake Parisek, joan den asteazkenekoa bururatzen ahaleginduta. Eskubideetan minimo bat behar lukeena dute jokoan manifestariek, azterketak bertako hizkuntzan egin ahal izatea, eta determinazio argia erakutsi dute: Pikutara, ez goaz hemendik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.