Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Berdeak azkenean

2022ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Gutxienez, zalantza eta mesfidantza sortzen duen erabakiahartu du Europako Parlamentuak, EBko Inbertsio Jasangarrien Taxonomiaren zerrendan gasa eta energia nuklearra sartzea babestuta. Europako Batzordeak otsailean onartutakoari betoa jartzeko aukera zuten atzo, baina Bruselaren erabakiari babesa eman zioten eurodiputatuek —EAJk betoaren kontra bozkatu zuen; EH Bilduk, alde—. Hala, finantzen alorrari begira, 2023ko urtarriletik aurrera gasa eta nuklearra energia jarduera berde gisa hartuko dira.

Zalantza sortzen du, batik bat, kontuan hartuta Europako Batzordearen aholkulari zientifikoek justu kontrakoa proposatzen zuen txostena egin zutela, zientzian eta ebidentzian oinarrituta.

Halakoetan ohi denez, eta klima aldaketari dagokionez behin eta berriro errepikatzen den moduan, ebidentzia zientifikoak balioa galtzen du bestelako interesen aldean —interes ekonomikoak, geopolitikoak...—. Kasu honetan, ohiko lobbyek ez ezik, Europako bi estatu aberatsenek ere rol garrantzitsua jokatu dute: Alemaniak gasa zerrenda berdean nahi zuen —nuklearra ez—, eta Frantziak, justu kontrakoa. Krisi energetikoak, gainera, bultzada eman die bide horretan.

Argi dago zientzialariei iritzia eskatu bai baina erabakia zeinek hartzen duen, eta galdera da ea nazioartean jarritako konpromisoak sekula beteko diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.