Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Zirkua

2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Mertxe Aizpurua EH Bilduko diputatuak Espainiako Diputatuen Kongresuan igandean sufritutako oldarraldia ez du hemiziklo horretan beste inork pairatu. «Hiltzailea», «terrorista», «hil hadi», «kanpora, kanpora...», oihu egin zioten PPk, Voxek eta Ciudadanosek betetzen dituzten eserlekuetatik, erromatarren zirkua balitz bezala. Ez HBko diputatuek 1980ko hamarkadan, ez eta ezker abertzaleko beste diputatuek ere azken bederatzi urteetan, ez dute halako erasorik sufritu. Ez da, beraz, EH Bilduren presentzia izan jokabide hori eragin duena.

Eskuin muturraren presentzia izan daiteke erantzulea. Vox indarrez sartu da Kongresuan, eta horrek are muturrekoago egin du eskuin osoaren jarrera eta jokabidea. PPk ez du epel itxuran gelditu nahi, eta, agidanez, ez dio Voxi eskuinetik aurreratzen utzi nahi. Ondorioz, nor baino nor dabiltza, oilarren moduan, nork kikirriki ozenago egingo, nork astakeria handiagoa esango.

Bestalde, Europan ohikoa bada ere, Espainian lehen aldiz koalizio gobernu bat osatu dute PSOEk eta Unidas Podemosek, eta koaliziotik kanpoko indarren (EH Bildu, EAJ eta ERC, besteak beste) babesa ezinbestekoa izan du Pedro Sanchezek. Hurrengo urteetan, trapezisten moduan, Sanchez oreka zailean ibiliko dela aurreikus daiteke; ikusteko dagoena da ea eskuinak Espainiako Kongresuari zirku itxura ematen jarraituko duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.