mikel p ansa
HIZPIDEAK

Anakronia

2020ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Dagokion garaiari ongi egokitzen ez zaiona da anakronia, eta halakoak dirudite atzo Guardia Zibilak egindako atxiloketek, beste garai bateko irudiak. Moduak aldatu dira: orain ez dituzte goizaldean egiten atxiloketak, eta poliziek esan dute —ikusi beharko da— komunikatzeko aukera izango dutela atxilotuek eta ez dutela atxiloaldia luzatuko. Formak aldatu dira zerbait, baina mamia ez. Preso batzuk gerturatzeko keinuak beti kontrapisu bat behar duela ematen du, eta jadanik zaila da bereizten bi joera diferente dauden Espainiako Estatuaren sakonean, edo denak estrategia bakar bati erantzuten dion: batzuk egoera zerbait normalizatu nahian eta beste batzuk ahalegin hori boikotatzen ibiltzen diren, edo batzuk eta besteak beti bat datozen, eta kontrapisu gisa lan egiten duten elkarrekin. Deigarria suertatu da, izan ere, Jose Luis Rodriguez Zapaterok EH Bildu solaskide gisa publikoki aitortzearekin batera eta azken asteetan iragarri dituzten presoen hurbiltzeekin batera gertatu izana atxiloketok. Baina ez dira lehenengoak. Uztailean egin zuten beste atxiloketa bat, eta beste euskal preso ohi askok ere zabalik dituzte diligentziak.

Epaileek eta poliziek beren lana egiten dutela esango du baten batek, baina epaile eta polizia horiek ez dute presa eta diligentzia bera izan, adibidez, torturei buruzko beren erantzukizuna aitortzeko. Eta lehentasunek interesak salatzen dituzte. Eta, hala ere, Espainiako prentsan atxiloketok anekdota txiki baten pare agertu ziren atzo. Anakroniaren seinale, hori ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.