Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Ez da beste bat gehiago

2020ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Egunerokoak bihurtu dira koronabirusaren krisiagatik bertan behera gelditutako ekitaldi, jarduera eta abarren albisteak. Santomasak eta Donostiako danborradak, Ehunmiliak, Tolosako inauteriak eta hainbat kirol ekitaldi ez direla egingo jakin da aste honetan... Eta atzo AEK-k egin zuen agerraldia, jakinarazteko2021ean ez duela antolatuko Korrika.

Egoera honetan, bi urtean behineko ekitaldi horri ez eustea erabaki dute, ez dutelako Korrika Ez-Korrika bihurtzerik nahi. Korrika egingo bada gutxieneko baldintza batzuk behar direla diote. Urteko sasoi honetan, oso bestelako agerraldia egin ohi du AEK-k: data hauetan jakinarazten dute Korrikaren leloa eta baita omenduko duten pertsona edo erakundearen izena ere; aurrerago, Korrikaren abestia, ibilbidea eta beste. Halakorik ez da izango aurten, eta hutsunea utziko du horrek euskaldun eta euskaltzale askorengan.

Baina hutsunea, batik bat AEK-k nabarituko du. Izan ere, Korrika festa bat da, euskaltzaleen festa handi bat, bainagehiago ere bada. AEKrentzat diru iturri ezinbestekoa da, bere jarduerari eusteko, helduak euskalduntzen eta alfabetatzen jarraitzeko. Nola estaliko du AEK-k hutsune hori? Administrazioaren laguntza handiagoa eskatu izan du AEK-k historikoki, eta aurten inoiz baino gehiago beharko dute laguntza hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.