mikel p ansa
HIZPIDEAK

Maitasuna

2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Maitasun toxiko asko daude, eta horietako bat, euskal herritar askok euskararekin dutena. Aspaldi hasi zen kantatzen Anje Duhalde: «Maita nazazu gutxiago, eta goza nazazu gehiago». 25 urte baditu kantuak, baina atzo goizean idatzia ematen du. Euskal herritar batzuek hainbeste maite dute euskara, ezen nahiago baitute ez dadin koofiziala izan. Vincent Bruk eta Florence Lasserrek hala erantzun diote Frantziako Asanblearako hautagaiei egin dieten galdetegi bati: on da eskoletan erakuts dezaten, ez frantsesaren neurrian egon dadin. Zertarako zikindu hizkuntza lege kontu hitsekin? Alferrik da esatea onespen legalik ez duen eremuetan ari dela gehien galtzen.

Beste euskal herritar batzuek ere asko maite dute euskara, eta horregatik ez dute nahi administrazioko langileak derrigortuta egon daitezen ikastera. Zertarako behartu jendea hizkuntza polit bat ikastera? Zertarako zikindu euskara derrigortasun kontu horiekin? Ez ote da ba nahikoa euskararen alde egotea?

Oso marka ona dauka euskarak. Hala berretsi du EHUko NIK taldeak egin duen ikerketak. Hizkuntza maitatua da euskara; ezaugarri positiboekin lotu ohi da; «autentikoa» iruditzen zaie gehienei. Eta autentikoa denez berez, ez dago hitz egin edo ikasi beharrik ere. Itxura duenez.

Disoziazio kognitiboa esaten zaio horri, eta egunen batean pentsatu beharko da zergatik euskarak ez dituen sexukide gehiago, horren maitagarria izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.