inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Bonbak palestinarren aurka

2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Donald Trumpek eta Benjamin Netanyahuk Etxe Zurian elkartu behar zuten ordu berean iragarri zuen Israelek Gazaren aurkako bonba erasoa. Asteburuan Tel Aviveko etxe batera jaurtitako misilari erantzunez egin zuen erasoa. Kontua da Israelek Palestinaren aurka jotzen duenean beti aurkitu izan duela aitzakiaren bat oldartze armatuaren jatorria Palestinako talde klandestinoen erasoari egozteko.

Baina Palestinako lurralde okupatuen gainean Tel Avivek egindako presioa etengabekoa da, eta bide zibil, militar eta diplomatikoetatik eramaten du aurrera. Iaz onartu zuen lege batek «estatu juduaren zatitzat» jo zituen lurralde okupatuak, eta bide eman zien kolono juduei eremu gehiago hartzeko. Horrekin batera, AEBek Jerusalem izendatu zuten Israelgo hiriburu, palestinarrek umiliaziotzat hartu zuten erabaki historiko baten bidez.

Egunotan urtea bete da palestinarrek Itzuleraren martxa hasi zutela errefuxiatuen alde. Ekinaldi horri lotuta, 180 palestinar hil eta 6.000 zauritu dituzte soldadu juduek. Israelgo bozetarako bi aste eskas falta direla heldu da bonbardaketa, Trumpek Golango gainen burujabetza Israelena dela adierazi ostean. Nazioartearen babes horretan betetzen dira lehergailuz Gazaren gainean erortzen ari diren bonbak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.