mikel p ansa
HIZPIDEAK

Arriskua non

2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Elkar jaten dute datuek: egun bakarrean gertatu den heriotza kopururik handiena eta, aldi berean, joera positiboa. Konfinamendua hirugarren astean aurrera doan honetan, ezinezkoa ematen du biak lotzeak, baina hala izan liteke. Joera positibo bat antzematen dute Hego Euskal Herriko administrazioek. Ikusi beharko da. Azkeneko egunetan gutxitu egin dira antzemandako gaixo berrien kopuruak, baina egia da, aldi berean, egindako testen kopuruak ere gutxitu direla. Auzia arretaz jarraitzen ari diren aditu gehiago ere bat datoz, halere. Ematen du birusaren zabalpenaren erritmoa jaitsi egin dela.

Horrek ez du ekarriko jende gutxiago hiltzea, ordea. Lauzpabost egun edo gehiago itxaron beharko dira hori nabaritzeko —dena ongi baldin badoa—. Egiaz kutsatzearen hedapena moteldu bada, astebete barru hildakoen kopuruan ere sentitu beharko litzateke zantzuren bat. Baina horretan ere, gorabeherak gerta litezke, aurrez kutsatutako guztien egoerak izango duen bilakaeraren arabera.

Ez da ahaztu behar: zenbat eta adin handiagoa, orduan eta hilgarritasun handiagoa du koronabirusak. Hortaz, erronka handienetako bat zahar etxeetan dago orain. Araban, 45 aitona-amona hil dira egoitzetan; Gipuzkoan, hamalau. Beste lekuetan ere antzera: Katalunian, adibidez, 326 pertsona hil ditu. Egoerak hobera eginda ere, birusak jarraituko du jendea kutsatzen. Eta zahar etxeetan sarraskiak egin ditzake gero ere. Neurriak pentsatu, erabaki eta ezartzeko garaia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.