Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Neurriak eta pedagogia

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Askatasun apurrak banatu dituzte. Alboko herrira joateko baimena eman du Labik, eta taberna eta jatetxeak irekitzekoa EAEko Auzitegi Nagusiak. Neurrien inguruko sokatira hasi da, eta badirudi salaketa eta helegite gehiago etorriko direla.

Egoera epidemiologiko larriari buelta emateko eskubideak murrizteko orduan, orain arte baino hobeto argudiatu behar lituzkete instituzioek. Eta pedagogia hobea egin. Zenbat eta pedagogia hobea, toki gutxiago izango dute auzitegiek eta Poliziak. Haien beharrik gabe herritarrek beren borondatez neurriak betetzeak izan behar luke helburua. Herritarrek erabaki horiekin bat egitea, eta inork ezer esan behar izan gabe betetzea. Baina neurriak betetzeko erraztasunak ere eman behar dira, eta albo kalteak arintzeko neurriak hartu. Behar besteko laguntzak balituzte, auzitara joko lukete ostalariek?

Gauzak horrela, eta orain arteko martxan, zenbat olaturi eusteko gai izango gara? Noraezerako igerialdian, nekatu egiten dira besoak eta hankak. Txertoen flotagailua haizatzeko dago oraindik, eta itolarria nagusitzeko arriskua dago.

Jendea triste dabil, zuloa egin zaio poltsikoan, eta ondoezaren intzidentzia tasak handiegiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.