Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Umealdia

2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Balkoira atera da, eta sakon egin du arnasa. «Udaberri usaina dago, ama», esan du, pozik. Etxe aurrean beti egon den zuhaitz bat ere ikusi du lehen aldiz, nola ari den loratzen, zuri-zuri. Ez du asko iraun txorien kantua entzuten. Goseak ohartarazi dio eguneko plazerik onenetako baten ordua dela: telebista piztu, eseri eta laranja zukuaren eta galleten erretilua magaleandu: entretenimendurako prest da.

Bukatu da aisialdia. Dutxatu, jantzi, gela jaso, eta ordenagailua piztu du gaurko etxeko lanen berri izateko.Zerrenda luzea du. Bazkaldu aurretik egingo ditu eskulanak; arratsaldean ordenagailukoak, bere amarekin partekatzen baitu gailua, telelan madarikatua baitauka amak. Etxean dago hura ere, baina egongo ez balitz bezala da nahi baino gehiagotan.

Bazkalostean amonaren herrian duen lagun minari deituko dio. Egunotan beste ezein lagun baino lagunago du, etxeko mundu birtualean inor baino gertuago. Pantailaren aurrean jolasten dira inprobisatutako jokoetara.

Dei gehiago egongo dira egunean zehar: bi amonei, aitonari, izeba zaharrari eta birramonari deituko die, zer moduz daudengaldetzeko. Berak badu zer kontatua. Etxetik atera nahiko luke, ordea, baina ezin du; beldur dio polizien errietari. Kalean bueltaka duten bozgorailua du gerta litekeenaren iragarle. Baina itxaropentsu dago, ez daki-eta zenbat aldatuko zaion bizitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.