mikel p ansa
HIZPIDEAK

Estatu sakona

2020ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Usain bat aditzeak maiz umezarora eramaten duen bezala, badira memorian iltzatuta geratzen diren bizipen batzuk. Batez ere, egoera traumatikoetan. Bortxatutako edo torturatutako pertsonek beren testigantzetan maiz kontatzen dute, gaiztaginarekin topo egitean, haren aurpegia ikustean, edo ahotsa entzutean, zer-nolako ondoeza sentitzen duten; berriro bortxatuko edo torturatuko balituzte bezala dela esplikatzen dute. Nazioarteko ikerketa ugarik jasotako ebidentzia bat da, eta halaxe gertatu zaio Pello Alcantarillari. BERRIAri azaldu dionez, 2004an, atxilotu eta torturatu zutenean, tarte labur batez ikusi ahal izan zuen Diego Perez De los Cobosen aurpegia. Azaldu du, hamasei urte joanak diren arren, ondoeza sentitu duela berriro, Perez De los Cobos telebistanikusten hasi denean. Eta kontatzea erabaki duela.

Guardia Zibilean zuen kargua kendu diotelako agertu da telebistan Perez De los Cobos, baina ez dute torturengatik kendu kargutik. Madrilen tarteka hain ohikoak izaten diren gorteko iskanbila horiengatik baizik. Madrilen, beste leku batzuetan bezala, botere borrokengatik eta ezinikusiengatik kentzen dituztelako jendeak beren karguetatik. Giza eskubideak urratzeagatik ez behintzat: estatu arrazoia erlijio bat balitz bezala bizi du Espainiako Estatuak, giza eskubideen gainetik baitago Espainiaren batasuna. Era guztietako itsuskeriak onartu eta baimendu dira horren izenean; eta ordainak jasotzen ari da gobernua orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.