Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Interes gutxi

2022ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Hauteskundeek badute tradizionalki apustuen antza; emaitza asmatuz gero, halako gogobetetze bat sentitzen da: poza ematen du herri baten norabidea asmatzeko ustezko gaitasunaren jabe izateak. Bozek ere izan ohi dute interes berezi bat, batez ere ezustekoak sartzen direnean jokoan.

Azkenaldian, ordea, apustu egiteko gogo gutxi ematen dute, eta interesa ere ez dago maila gorenean, ustekabekoak izan arren, Frantziako presidentetzarako bozen kanpainan ikusi denez. Pandemia batek mundua hankaz gora jarri du, eta bake pixka bat eman duenean Ukrainako gerra piztu da, eta bizitza garestitu. Gertaera horiek herritarren pentsamenduan aldaketak ekarri arren —eskuin muturra indartzea eta normalizatzea, besteak beste—, apatia handia dago politikaren inguruan, ultrek bereganatzen duten garra salbuetsita.

Biharko protagonistetako bat abstentzioa izango da. Gainerakoan, aurreko bozetako jokaleku bera izango da, ezkerretik Jean-Luc Melenchonek ezustekoa jotzen ez badu. Christiane Taubirak bere aldeko botoa eskatu du azken unean, baina komunistek euren hautagaia dute, 2017an ez bezala —inkognita bat izango da ezkerreko sendoenaren edo bere hautagaiaren alde egingo duten—, baina desinteresatuen poltsa elikatuko du krisian dagoen ezkerrak, Frantzian ohikoak diren sorpresarik gertatzen ez bada. Ezusteko handia litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.