inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Osakidetzako eskandaluaz, ikerketarik ez

2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak ez du sortuko Osakidetzako lan eskaintza publikoaren (LEP) irregulartasunak ikertzeko batzorderik. EAJk, PSE-EEk eta PPk galarazi dute. Bakoitzak bota ditu bere argudioak: auzia epaileen esku dagoela, gobernua lanean ari dela hurrengoan halakorik izan ez dadin, Osakidetzaren «izen ona» zalantzan jar dezakeela... Kontuak kontu, PPren babesa ere behar zuen EH Bilduren proposamenak, eta, azkenean, ez du halakorik lortu. PPk jakingo du zergatik eta, zeren truke, eman dion EAJri halako arnasaldi bat.

Eledun jeltzaleak adierazi du ez diola beldurrik ikerketa batzorde bat osatzeari. Kontra bozkatu du, ordea. Auzia lehertu zenetik, gobernuak mugimendu batzuk egin behar izan ditu —besteak beste, Osakidetzako aurreko zuzendariaren dimisioa bultzatu— baina azterketak prestatzen aritu ziren 100.000 lagunek azalpenak ere merezi dituzte. Zer gertatu zen, nola eta zergatik filtratu ziren azterketak, eta ea, askok dioten bezala, ohiko sistema izan den hori Osakidetzan... Erakundeek informazioa eta gardentasuna bermatu behar dituzte, eta, ikerketa baztertuz, herritarren konfiantza higatu baino ez da egiten. Horrek ez dio lagunduko Osakidetzari arriskuan eduki dezakeen «izen ona» zaintzen. Izatekotan, kontrakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.