martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Larritasuna

2019ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Ziklikoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Alderdi Popularra Espainiako zuzendaritzarekin liskartuta ibiltzea. Bi zuzendaritzak, Madrilgoa eta Bilbokoa, jarrera gogorrean daudenean, hitz eta proposamen potolo eta urratzaileak kaleratzen dituztenean, ez dago arazorik. Desenkontrua dator Espainiako PPko zuzendaritza oso jarrera politiko gogorrean segitzen duenean, eta haien adar euskaldunak ur epelagoetan igeri egitera jotzen duenean. Arrazoi horregatik eman zuten dimisioa azken-aurreko bi lehendakariek: Antonio Basagoitik (2008-2013) eta Arantza Quirogak (2013-2015).

Basagoiti ez zetorren bat ETAren ondorengo garaian alderdiaren zuzendaritza zentralak ezarri nahi zion estrategia zaharrarekin, uste zuelako fase berrian PPk beste jokabide zabalago eta positiboagoa eduki behar zuela euskal gizartean. Azkenean, okitu eta Mexikora joan zen banku batean lan egitera. Harri berean egin zuen estropezu Quirogak Eusko Legebiltzarreko Bakea eta Elkarbizitzarako lantaldean zegoen blokeoa desegiteko asmoz proposamen irudimentsua egin zuenean. Kargua utzi egin behar izan zuen.

Gero eta emaitza okerragoak dauzkatela ikusita —15 urtean 19 eserlekutik 9ra jaitsi dira Eusko Legebiltzarrean—, zentrorako bidea egin nahi du PPko lehendakari Alfonso Alonsok asteburu honetako batzarretik aurrera, azken hauteskundeetan EAJra joan zaizkion botoak berreskuratzeko. Utziko al dio Madrilek?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.