mikel p ansa
HIZPIDEAK

Klinex langileak

2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Duela hiru urteko adierazpen arranditsu haiek gogoratzeko ordua da:«Sustrai sakonak dauzkagu Espainian eta Euskal Herrian, hornitzaile sare sendo eta efizientea daukagu; eta, zalantzarik gabe, hori ez da aldatuko orain. Gure konpainia harro dago bere herentziaz, sustrai horiek indarra ematen digute». Markus Tacke Siemens Gamesako kontseilari ordezkaria zen 2017ko ekainean, hitz horiek esan zituenean. Geroztik, Siemens Gamesari abizen euskalduna eroriz joan zaio, eta herenegundik aurrera izen alemaniarrarekin soilik gelditzen hasi dela esan liteke: Agoitzen, lantegi bat itxi eta 239 langile kaleratuko ditu multinazional eolikoak. Maiatzerako, palak erosteko beste lantegi bat erosia zuen Siemens Gamesak Portugalen, eta susmorik okerrenak bete dira: Agoizko lantegiari gero bat bilatzeko asmorik batere ez du erakutsi zuzendaritzak. Han egiten dituzten haize erroten besoak zaharkituta gelditu direla adierazi du. Kito: langileak kalera bota klinexak balira bezala, eta lantokiak itxi eta txatar bihurtzen utzi. Hori da multinazional askoren eredua: agortu, lurra erre, irabaziak eurekin eraman, eta hasi beste leku batean berriro. Noizbait pentsatu eta landu beharko dira nazioarteko bizkarroietatik babesteko legezko babesak eta joko arau berriak, haiei erraztasunak emateko zerga kenkariak lantzen diren bezala. Bestela, beti atzerriko haizeteen mende egongo da sare produktiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.