mikel p ansa
HIZPIDEAK

Paradoxa bat

2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Juridikoki, egia hutsa da: «Hau Espainia da, eta hemen espainieraz hitz egiten da». Bai, ba, independentziarik ezean, hau Espainiako erreinua da ondorio praktiko eta juridikoetarako. Eta hemen Espainiako Konstituzioak agintzen du espainieraz jakitea derrigorra dela. Zenbat aldiz Guardia Zibilari eta ultraeskuinaren zale askori entzundako esaldi hori, ordea, oraingoan ertzain batek esan dio euskaraz hizketan ari zen gazte bati. Eta hori ere ez da nobedadea, lehenago ere ertzain bat baino gehiago zuzendu izan zaielako horrela herritarrei. Teknikoki, izan ere, Espainiako Polizia gorputz bat da Ertzaintza. Pandemiak ongi asko gogorarazi du zein diren lurraldearen mugak, eta nork agintzen duen hemen eta han, zein dagoen zeinen zerbitzura. Eta, gauzak aldatzen ez diren bitartean, egia hutsak izango dira horiek guztiak.

Ertzain horri ahaztu zaio, ordea, euskara ere ofiziala dela hori gertatu den leku horretan, Bilbon; eta herritarrek ere eskubideak dituztela; besteak beste, hizkuntza eskubideak. Eta ahaztu zaio, baita ere, autoritateak herritarren zerbitzura daudela, eta ez alderantziz.

Baina testuinguruak erantsi dio eszenari paradoxa: urteetan ETAri egotzi izan zaion hilketa batean hildako langile baten omenaldia, zeinaren senideek atsedenik gabe errepikatzen duten ETAk ezetz, Espainiako Poliziak hil zuela Ovidio Ferreira Martin. Polizia haiek ere pentsatuko zuten: «Hau Espainia da, eta hemen espainieraz hitz egiten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.