mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Papur inportanteak

2021eko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua ikus-entzunezkoen sektorerako lege bat prestatzen ari da. Bertzeak bertze, plataforma handiei tasa bat ezarri nahi die irrati-telebista publikoa finantzatu dezaten. Euskal Herrian azkenaldian hainbat talde sortu dira euskarak arlo horretan duen gabezia larria salatzeko. Euskaldunen eskubideak errespetatzeko eta euskara biziberritzeko ekinaldi guziak bezala, herri taldeetatik abiatu da. Baina herri mugimenduetatik sortutako bulkadek hanka instituzionala ere behar izaten dute aldarrikapena lorpen gauzatua bihurtzeko. Eta, hor, historikoki euskararen normalizazioa helburutzat markatu izan duten alderdiak dira interpelatuak; hots, abertzaleak.

Euskaldunen eskubideen aldeko eta euskara sustatzeko partidak etxean jokatu ohi dira, logikoa denez, baina ezin da ukatu Ebrotik hegoaldera eta Aturritik iparraldera ere badaudela eragin nabarmena duten joko zelaiak. Molac legea, horren adibide. Espainiako Gobernuaren aurreproiektuak Kongresuaren oniritzia behar du, eta ganbera horretan bi alderdi abertzale daude. Sobran ez euskaldunen eskubideak errespeta daitezen presio eginen baliete gobernuko alderdiei. Nazionalista katalanek hamarkada batzuk daramatzate hori egiten, eta erakutsi dute Madrilentzat papurrak izan litezkeen kontzesioek eragin garrantzitsua izan dezaketela belaunaldi anitzentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.