mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Barne ministroak

2021eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Abc egunkariak aste honetan argitaratu duen informazioaren arabera, Antoni Asuncion Barne ministroak kargua utzi eta hilabete batzuetara, 1994ko hondarrean, Emilio Alonso Manglano zerbitzu sekretuen buruari jakinarazi zion Espainiako Barne Ministerioak igorri zizkiela urte batzuk lehenago bonba-eskutitzak HBko kide batzuei —Jose Antonio Cardosa postaria hil zuten Errenterian, 1989an—, eta aitzineko ministroa, Jose Luis Corcuera zela horren erantzulea.

Estatu terrorismoaren itzala, orbana, zipriztina (norberak aukera dezala terminoa)... Barne ministrotik Barne ministrora igorri da Espainian, legegintzaldiz legegintzaldi. Corcueraren aitzinekoa, Jose Barrionuevo, GAL auziagatik zigortu zuten 1998an; eta Corcueraren aldian, 1990ean, Espainiako Estatua bera hilketa ahalegin baten erantzule egin zuten auzitegiek —Antonio Cubillo Kanarietako independentismoaren sortzailea hiltzen saiatu izanarena—.

Atentatu hura, ordea, ez zen Corcuera ministro zenean egin; 1978an izan zen, Martin Villa zenean karguduna. Estatuak kalte-ordaina eman behar izan zion Cubillori, baina zigortu bakarrak mertzenario bat eta behe mailako espioi bat izan ziren. Sententzia bakanak, han-hemenka argitaratzen diren ebidentziak... baina Espainiako Estatuak ez du asmorik egindakoa bere osotasunean onartzeko. Eta horrela igarotzen ari da legatua, Barne ministroz Barne ministro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.