mikel p ansa
HIZPIDEAK

Boto eskubidea

2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
EAEko Hauteskunde Batzordeak segurtasuna eta berme guztiak ikusten dizkion arren, ez du ematen ideiarik onena koronabirusaren agerraldi baten erdian jendea leku itxi batzuetan biltzera deitzeak, baina hala egingo dute etzi Ordizian. Itxita daude taberna batzuk, eraikin eta zerbitzu publikoak ere bai, eta umeentzako jolas parkeak, ostatuen erabilera mugatuta dago, eta ehunka pertsona berrogeialdian. Ordiziako alkateari esan diote kutsatutakoen kontaktu hurbilak botoa ematera joan ahalko direla. Eta handik etxera. Kontraesanezkoa da erabat: berrogeialdian dagoen pertsona batek ez luke etxetik atera behar, ez botoa ematera, ez erosketak egitera, ez beste ezertara.

Jende askoren boto eskubidea dago jokoan. Eta haien botoek ez dituzte azken emaitzak aldatuko, baina hori da gutxienekoa. Inori ez litzaioke ukatu beharko botoa. Oinarrizko printzipio bat da. Eta eskubide hori bermatzeko ideia bakarra berrogeialdia haustea baldin bada, bada ez da aski. Hauteskunde Batzordeak «dena ongi dago» batekin konpondu zuen auzia atzo. Baina kontua ez da Jaurlaritzaren jokabidea epaitzea: kontua da nola bermatu oinarrizko eskubide bat, osasun publikoari kalte handiagoa egin gabe. Eta Hauteskunde Batzordeak egin zezakeen gehiago. Ordiziako herritarren (guztien) boto eskubidea bermatu nahi bada, guztientzat seguruagoa izango zatekeen pertsona jakin batzuek botoak atez ate biltzea (adibidez), berrogeialdian daudenak etxetik ateraraztea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.