Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Sufrimenduaren lurraldera

2020ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Traumatizatua dagoela dio Mohamedek BERRIAk kaleratu duen Moriako erretratuak dokumentalean, traumatizatua Lesboseraino eraman zuen itsas bidaiagatik. Litekeena da Open Arms ontziak aste honetan erreskatatu dituen 259 migratzaileek ere Lesboseko errefuxiatu kanpalekuetan edo antzeko batean amaitzea. Eta seguru, Mohamedi bezala, trauma gisa geldituko zaiela iltzatuta egunotan bizitakoa. Izan ere, Open Arms ontzitik atzo iritsitako albiste, testigantza eta irudiak edonori trauma sortzeko modukoak dira. «263 pertsona bizirik eta sei gorpu gaude Open Arms ontzian. Bizitza eta zentzurik gabeko heriotza ahaztuen itsasoan».

Tamalez, halako albisteak ohiko bihurtu dira. Gizartea, nolabait, halakoak ikustera ohitu da; momentuko mina eta erruduntasun puntu bat eragiten dute, baina luze gabe ahazten dira, itsasoan dauden gorpuak bezala.

Gorpu iritsi ez diren horiek Moriakoaren gisako gune batean sartuko dituzte. Hilabeteak, urteak... Sorterria uztera bultzatu zituen bizi hobe eta seguruago baten amets hura ahazten duten arte, Europan etorkizun hobe bat bilatzeko asmoa ahaztu eta amets bakarra infernu horretatik ateratzea bihurtu arte. Salbatu dituzte 259 lagun, baina Mohamedek argi azaltzen du nora iritsi diren: «Hau sufrimenduaren herrialdea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.