inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Iraganik ilunena

2018ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Ezinegona eragin dute Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) guraso migratzaileengandik banatu dituzten adingabeen irudiek. Ezin liteke izan bestela. Donald Trumpen immigrazio politika ankerraren biktimarik errugabeenak dira bat-batean gurasoengandik banatu dituzten haurrak.

Europan azken egunotan zabaldu diren hainbat albistek ere ez dute aukerarik ematen baikorregi izateko. Etorkinak itsasoan abandonatuta uzten jarraituko duela berresteaz gain, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak iragarri du ijitoen errolda bat egingo duela, aitortu arren «tamalez» haietako asko ezin izango dituela Italiatik bota.

Hungariako Parlamentuak onartu du baimenik ez duten migratzaileak —berdin iheslariak badira ere— laguntzen dituztenak zigortzeko legea. Arrazakeriaren aurkako taldeak, mugarik gabeko medikuak eta talde humanitarioetako boluntarioak zigortuko dituzte. Hau da, Bertolt Brechtek ospetsu egin zuen Niregana etorri ziren poemaren testuingurua ari da prestatzen. Eta, latza litzateke, Ana Frankek XX. mendean naziengandik pairatu zituenen modukoak kontatu behar izatea egungo haur garaikide batzuek. Garaiz da mundua hori saihesteko. Baina herrialde aberastuen eta pobretuen arteko desorekak zuzendu beharko dira horretarako. Eta desagertzen ari diren humanismo oinarrizkoenaren baldintzak berreskuratu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.