inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Frankismo soziologikoa

2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Jainkoa, aberria eta familia... Erregea ere ez du urruti bere oinarri ideologikoetan Santiago Abascal arabarrak sortutako Vox alderdiak. Feministen, immigranteen eta zapaldutako nazioen —Katalunia, Galizia eta Euskal Herria— aurkako errezeta zaharberritua eskaini dio eskuin muturrak bozkatzaileari, eta sekulako emaitza izan du Andaluzian.

Mundu osoko prentsak lerroburu nagusietara ekarri du Abascalen alderdiaren balentria. Eta bat etorri dira xehetasun batean: hots, orain arte Espainian ordezkaritzarik ez zuen ultraeskuinari lehenengo aulkiak eman dizkiola Andaluziako herriak, eta nolabait Europan Espainiak ordezkatzen zuen salbuespen bat amaitu duela horrela. Eztabaidagarria da, ordea, ideia hori. Izan ere, eskuin atzerakoia betidanik egon da Espainian. Alabaina, frankismo soziologiko horren indarra neurtzea zaila gertatu da orain arte, hain zuzen ere PPn ezkutatzen zelako, Abascal bera bezala. Zergatik? Beharbada, orain gutxi arte indarrean egon den alderdibitasunak ez zuelako beste aukera handirik uzten; edo, akaso, orain arte ez zelako politikoki zuzena Voxen programa faxista. Eta, segur aski, horixe aldatu da orain. Hau da, Europan eta munduan haize alde doa eskuin autoritarioa, eta Voxek belaontzia itsasoratu baino ez du egin behar izan betiko eskuin frankistaren bandera lau haizeetara zabaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.