inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Arangoaren eta Aitzolen legatua

2019ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Amparo Arangoak bere gorputz ubelduaren testigantza lazgarria utzi zion Euskal Herriari, Jesus Muñecas polizia torturatzailearen eskutik jasotako jipoiaren berri izan zezan. Frankismoaren hondar urteak ziren eta pil-pilean ziren kaleak, askatasunaren aldeko borroka betean. Ospitalean hartu zizkioten irudiak munduan zehar barreiatu ziren, polizia frankistaren ospe txarra berresteko. 1991n hil zen Arangoa, baina atzo harekin batera torturatu zituzten beste sei lagunek euren lekukotzak utzi zituzten Tolosako epaitegian, delituak «preskribaezinak» direlakoan, ekinbide penalak abia daitezen. Aurretik, Argentinako Maria Servini epaileak aintzat hartu zituen salaketak, eta Auzitegi Nazionalari eskatu zion Muñecas estraditatzeko. Epaitegi horren iritziz, baina, ezin zuen hori egin, delituak «preskribatuak» daudelako.

1936an hil zituzten frankistek Jose Ariztimuño, Aitzol, eta Florencia Olazagoitia, eta euren senideek ere kereila bat aurkeztuko dute Donostiako epaitegian, diputazioak lagunduta. Justiziarik, agian, ez dute lortuko. Baina gertatutakoaren memoria bizirik dagoela erakutsiko dute. Zeren, agian, Espainiako auzitegientzat preskribatuta egongo dira delituok, baina haiek ahantzi nahi ez dituen herriarentzat, berriz, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.