jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Satorra eta sator lanak

2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Topo (Satorra) izena du Donostia Lasarte-Oriarekin eta Donostia Hendaiarekin lotzen dituen tren zerbitzuak. Metro bihurtzeko lanetan ari dira, Donostia azpian geltoki gehiago eraikiz eta trenbidea zabalduz. Langileak satorren moduan ari dira lanean, lurra zulatzen. Satorren moduan ari dira lanean, halaber, ikusezinak direlako. Ikusezinak dira haiek, eta ikusezinak dira haien lan baldintzak. ELAk lau salaketa jarri zituen atzo lan ikuskaritzan, lanaldi luzeegiak egiten dituztelako (hamabi eta hemeretzi ordukoak), lan erritmoak azkarregiak direlako eta baldintza kaskarretan ari direlako.

Lan baldintzen kontrola eta jarraipena erakundeei dagokie, jakina. Bai lan baldintzak ikuskatzeaz arduratu behar dutenei, bai lan horiek esleitu dituztenei. Erakundeek, baina, ez dute ikusi nahi begi aurrean dutena. Eta ezin dute esan trenaren obrako lan baldintzak salbuespena direnik. Hortxe daude, besteak beste, Anoeta estadioa handitzeko obretako langileen lan baldintzak, esklabotzatik gertu. Topoko obren kasuan, politikariek denbora eta diru gehiago eskaini dizkiote tren geltokietako karteletan jarri beharreko izenei, langileen lan baldintzei baino.

Dena ez da politikarien errua, ordea, sator askok gizartearen azpian baldintza kaskarretan egindako lanaren gainean baitago eraikita lur gaineko ustezko ongizatearen zati handi bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.