mikel p ansa
HIZPIDEAK

Sekurokrazia

2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Botere publikoak fiskalizatzeko zirrikitu apurrak akabatzen badira, akabo. Espainiako Kongresuak ezarri zuen mozal lege bat aurrena, eta Frantziako Asanbleak jarraitu nahi dio orain. Segurtasun Orokorrerako Legea Asanblea Nazionalean dago egunotan, eztabaidan. Besteak beste, debekatu nahi du jardunean ari diren polizien irudien erabilera maltzurra egitea, eta, legeak aurrera egiten badu, isunak jarriko dizkiete polizien «osotasun fisiko edo psikikoari» kalte egiteko irudiak hartzen dituztenei. Espainiako segurtasun indarrek egin bezala, Frantziakoek ere legea onartu aurretik erabili nahi dute, ordea. Guillaume Fauveau fotokazetariak salatu du «mehatxu» egin diola Frantziako Poliziak; lanerako argazkiak egiten ari zela, poliziek agindu zioten irudirik ez hartzeko, ez zuela eskubiderik. Baietz erantzun zien Fauveauk. Kazetari agiria hartu, argazkia egin, eta kikilarazi egin nahi izan zuten poliziek. Ez da bakarra izan azkenaldian. Legea oraindik onartu ez badute ere, kazetari ugarik salatu dute Frantziako Poliziaren jokabidea azkeneko asteetan.

Galdera bat utziko du legeak airean: zeinek babestuko ditu herritarren eta lanean ari diren kazetarien «osotasun fisiko edo psikikoa»? Estatuak tematuago daude polizien segurtasuna bermatzen, herritarren askatasunak ziurtatzen baino, eta pixkanaka desegiten doazen zuzenbide estatu baten eta klase ertain baten gorotzetan loratzen ari da sekurokrazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.