mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ateak itxita

2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Informazioaren kudeaketa eta kontrola lehen mailako arazo bilakatu da. Hala izan zen Zaldibarko hondamenaren auzian, hala gertatzen ari da koronabirusari lotutako erabakietan, eta beste horrenbeste esan liteke Zubietako errauste plantari buruz. Hiru gertaerek, zeinek bere aldetik eta bere berezitasunekin, adierazten dute administrazioek nahi izaten dutela segurtasun itxura bat eman, arazoa kontrolpean dutela erakutsi. Zaldibarko kasuan, Jaurlaritzak dena kontrolpean zeukala adierazi nahi izan du, gero gertakariek besterik agertu badute ere. Adibide gisa balio du: egunkari batek argitaratu zuen otsailaren 7ko krisi mahaiak suteari buruz eztabaidatu zuela, sutea otsailaren 7ko gauean piztu aurretik. Koronabirusaren kasuan, eskolak ixteko Jaurlaritzaren erabakia zenbait hedabidetara filtratu zen —zuten?— irakasleek eurek eta, bistan denez, gurasoek ezer jakin aurretik. Zubietako erraustegiaren kasuan, plantan izan diren arazo guztiei buruz fitsik ere ez du esan Gipuzkoako Foru Aldundiak. BERRIAk gaur argitaratu duenez, probako aldietan arazo dezente izan ditu erraustegiak, eta aise gainditu ditu zehaztuta dauzkan kutsadura mailak. Baina administrazioek —behintzat Europa hegoaldeko administraziook— inoiz ez dute prentsaurrekorik antolatzen zerbait gaizki ateratzen ari dela esateko. Arazoak ateak itxita bideratzen ohituta daude. Arazoa da larrialdiek ate guztiak danbatekoka irekitzen dituztela, eta ohituta dauden baino gardenago jokatzea eskatzen diela instituzio publikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.