mikel p ansa
HIZPIDEAK

Txertorik gabeko izurria

2020ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Badira konfinamenduak konpondu ez eta larritu egin dituen izurriak. Indarkeria matxista da horietako bat. Berriki ohartarazi dute Ipar Euskal Herrian auzi horiengatik Poliziak jasotako deien kopurua %60 hazi dela. Etxean izuturik bizi diren emakumeen saldoa handitu du koronabirusaren kontrako neurri sortak. Emakumeek emakume izate hutsagatik egunero bizi dituzten indarkeria horien guztien mutur bat baizik ez dira hilketak, agerikoena, nahi bada. Angeluko hilketak hori erakusten du berriro. Konfinamendua ezarri zenetik, etxean hil duten bigarren emakumea da. Lapurdin 2003tik gertatu diren heriotza guztiek zer pentsatua eman beharko liekete hango agintariei, sarri gertakari horiek «bikoteko bortizkeria» gisa definitzen, ikertzen eta epaitzen baitituzte. Baina patroi bati jarraitzen diote Lapurdin azkeneko hamazazpi urteetan gertatu diren hilketa matxistek: 23 emakume eta bi adingabe hil dituzte, beste probintzietan baino askoz gehiago proportzioan; eta 23 hiltzaileetatik hamahiru bere buruaz beste egiten saiatu dira. Adin handikoak ziren gizon horietako asko, gainera. Birus bati «gerra» deklaratzeko gai diren agintari horiek ikasi beharko lukete badirela beste izurri batzuk ere, txerto politiko, judizial, kultural eta prebentziozkoak behar dituztenak. Hilketa horiek ez baitira kasualitate hutsa, eta arazoa definitzeko moduak erakusten baitu arazoa konpontzeko bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.