inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Irribarreak eta pankartak

2020ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Huskeria bat izan zitekeen, oharkabean botatako garrantzirik gabeko beste esaldi horietako bat. Baina politikari baten ahotik, sarritan hedabideetako izenburuetan amaitzen duten aipu horietako bat bihurtu zen atzo Jokin Bildarratz EAEko Hezkuntza sailburuak esandako hau: «Hezkuntzak irribarreak behar ditu, pankartak baino gehiago».

Bitxia da, ze, pandemia dela-eta elkarren aurpegiak ia ikusi ezin diren garaiotan, irribarreak zeinen garrantzitsuak diren gogora ekartzen baitu sailburuaren adierazpenak. Baina, jakina, ez zuen horregatik esan, baizik eta sindikatuen pankartarako joera kritikatzeko. Eta aztertu beharko litzateke ea ez ote dauden arrazoiak, hezkuntzak bizi duen egoeraren ondorioz, pankarta zabaltzeko.

Normaltasun pandemiko honetan, nahi baino baliabide gutxiagoz ari dira ikastetxeak. COVID-19ari aurre egiteko protokoloak ahal den moduan aurrera eramanez, segurtasun tarteak ezin gordez, bi edo hiru gela beharko liratekeen lekuan haurrez mukuru betetako gela bakar bat ahal den moduan antolatuz.

Konparazioak bidegabeak izan ohi dira. Baina, Espainiako Murtzia autonomia erkidegoan (PPk, C's-ek eta Voxek agintzen dute han), 1,5 milioiko populazio baterako, 1.500 irakasle kontratatu ditu gobernuak. Bildarratzek, agindu arren, oraindik ez du irakasle berririk ekarri. Hala, irribarrez egon nahi duten asko pankartan ikustea ez da hain arraroa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.