mikel p ansa
HIZPIDEAK

Etxeko lanak

2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Lan produktiboa eta lan erreproduktiboa. Eta nola erreproduktiboak eusten dion produktiboari. Teoria ezaguna da. Baina, teoriak ulertzeko, ez dago arazo praktikoak ikustea baino hoberik. Vicenta Burguete orain dela hiru urte hil zen. Senarraren laneko arropak garbituz, amiantoa arnastu zuen, eta horrela gaixotu zen Burguete; Senarrak CAFen lan egiten zuen. Aste honetan, auzitegi batek ebatzi du CAFek kalte-ordaina eman beharko diela Burgueteren alargunari eta senitarteko bati. Aurreneko aldia da epai batek onartu duela enpresa baten erantzukizuna etxekoandre baten gaitzean. Eta ezin zen modu argiago eta aldi berean tragikoagoan esplikatu lan produktiboak zenbateraino duen beharrezko lan erreproduktiboa: arropak garbitzen dituenik gabe, ez dago lantegirik martxan.

Martxoaren 8aren bezperan, garrantzi doblea hartu du sententziak. Batetik, ezin argiago erakutsi ditu zaintza lanen eta soldatapeko lanaren arteko loturak, eta feministek zaintzari buruz azkeneko urteetan egin duten diskurtsoaren eta praktikaren garrantzia berretsi du. Bestetik, agerian utzi du, berriro, enpresa askoren jabeen jokabidea. Burgueteren gaitzaren eta heriotzaren kalbarioari epaiketaren kalbarioa erantsi zitzaion gero. Enpresen jabe askok, amiantoaren eta haren ondorioen kontra borrokatu beharrean, amiantoz kutsatutakoen kontra borrokatzen jardun dute. Enpresa Kultura Berriaren gisako markak sortzea debalde da, izenak ez badu izanik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.