gorka julio
IRLEN SAREA

Parte hartze digitala

2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Puntocom enpresen garaian, Terra bezalako atariak existitzen zirenean eta Canal21eko txatetan ligatzen genuenean, bazegoen manifestazio birtualak egiteko tresna bat. Izena ahaztu dudan atari horretan sartu eta manifa birtualean panpina bat gehiago gehitzen zen. Berdin zuen lau katu izan edo milaka batzuk, animaziora batzen zirenek hor ikusten zuten beren burua irudikatuta.

Urteak pasatu dira, baina gauzak ez dira asko aldatu parte hartzeko moduen inguruan. Lehengo manifestazio birtualak, oraingo sare sozialetako Like-ak eta RT-ak dira. Beste batzuek nahiago dute Change.org bezalako plataformetan sinadurak eskatzen egon, jakin gabe horren eragina erabat mugatua dela eta enpresa pribatu baten datu basea elikatzeko besterik ez duela balio.

Manifestazio birtual zentzudunagorik ere bada. Norbaiten posta elektronikoa mezuz bete edo etengabeko sarbideen bidez eraso masiboak egiten dituzte, zerbait salatzeko. Zerbait salatzeko edo aldarrikatzeko baliagarri, baina ez eragiteko. Oraindik ere kaleko mobilizazioek daukaten indarra garrantzitsua da. Manifestazio baten eragiteko gaitasuna zalantzagarria izan badaiteke ere, konpromisoan pauso bat gehiago erakusten du.

Greba orokorrak oraindik beste pauso bat dira konpromiso sozialaren bidean. Kataluniakoa izan da azkena: orokorra izateaz gain, masiboa izan da. Onargarria ez dena XXI. mendean parte hartzeari buruzko datuei buruzko ezberdintasunak dira. Datuei buruzko eztabaidak beti egon dira, baina datu zehatzak eskuratzeko gaitasunak eta metodologiak inoiz baino zehatzagoak izan daitezke. Polizia inoiz fidagarria izan bada, eman dituzten azken datuek ez dute sinesgarritasunik.

Datu zehatzak nahi badituzte, datu horien bila telefono konpainia ezberdinetara joatea besterik ez da egin behar. Noski, datu horiek eskatu eta horiek eman beharko lituzkete, baina horretarako behartzeko gaitasuna eduki behar da. Eta ez dakit instituzioek beraiek ere baduten.

Momentuz eta orain arte, taldeetan antolatzea da eragiteko estrategia hoberena. Jendarte mailan, aldiz, parte hartzea sustatzeko teknologien erabilera propaganda hutsa izan da kasu gehienetan. Proiektu interesgarririk bada, hala ere; Decode proiektua da jarraitu beharreko horietako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.