mikel p ansa
HIZPIDEAK

Kendu bistatik

2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Navarra Suma bazterkeria hutsetik harago joan da euskararen aurkako gurutzadan; orain, berrogeialdian jarri nahi du euskara, elebakar gaztelaniadunei begien bistatik kentzeko. Azaroaren 1ean, Iruñeko Udalak sare sozialetarako irizpideak aldatu zituen, eta ordura arte bi eletan jardun duten kontuak bitan banatu zituen. Iruñeko Udalak 8.000 jarraitzaile pasa zituen Twitterreko bere kontu nagusian; gaztelania hutsez jarduten hasi zen goizetik gauera, eta sortu zuen euskarazko beste kontu bat, 0 jarraitzailerekin. Osasun kordoi bat, euskaraz ez dakitenak kutsa ez daitezen.

Atzo, Iruñeko euskara ordenantza bertan behera utziko zuela iragartzeko prentsaurrekoan, Enrique Maia alkateak adierazi zuen 1997ko araura itzuliko direla. Hogei urte atzera, beraz. Udalarekin harreman idatzia euskaraz nahi dutenek, eskatu ahalko dute. Udaletxean, ordea, herritarrek alferrik izango dute langileei euskaraz zuzentzea. Ahozko arreta euskaraz bermatuko ote duten galdetuta, «ez» erantzun du garbi alkateak. 1997ko arau horrek, ordea, horrela zehazten du: «ahoz udalari euskaraz egitea hautatzen duten herritarrei era berean eginen zaie harrera, eta udalak neurri egokiak hartuko ditu helburu hori erdiesteko». Ghetora kondenatu nahi ditu Maiak euskaldunak, eta, presaren presaz, euskara begien bistatik kentzeko asmo itsuan, 1997ko ordenantzak zer zioen irakurtzeko betarik ere ez du hartu. Berriro ere esan ahal izango du erabilera eskasa duela euskarak, erabiltzeko ate guztiak ixten jarduten badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.