Zentzua bilatu beharrik gabe

Aatami soldadu ohiaren bidaia eta nazien kontrako borroka erakusten du 'Sisu' filmak; Jalmari Helanderrena da

Jorma Tommila aktorea, filmeko protagonista. SISU.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Aatami soldadu ohia urre bila dabil Laponian. 1944. urtea da, eta Bigarren Mundu Gerra amaierara iristen ari da. Aatamik urre mordoa aurkituko du, eta, bere zorteaz harrituta, gertuen duen herrirantz abiatuko da, urrea saltzeko asmoz. Bidean, ordea, nazien pelotoi batekin egingo du topo. Gerrako galtzaileak dira, erretiratzeko unea iritsi zaie, eta Finlandiako lurrak utzi behar dituzte. Buru dituzte Bruno eta haren laguntzaile Wolf, eta atzean dituzte tanke bat, soldadu multzoa eta gerrako presoak: dozena erdi emakume finlandiar.

Inongo kalterik egingo ez diela dirudien gizon zaharrari aurrera jarraitzen uzteko asmoa dute soldaduek, baina, Aatamiren urrea ikustean, galdu duten gerra horretatik irabaziren batekin irteteko aukera ikusiko dute, eta bidea moztuko diote. Haiek ez dakitena, ordea, zera da: erasotu nahi dioten gizona komandante izandako finlandiarra dela,hiltzaile trebea, lurraldean Hilezkor deitzen diotena. Bera da filmari titulua ematen dion sisu horren irudikapena: imajinaezina den adore eta erabakitasun forma bat, itxaropen guztia galdu denean azaltzen dena. Une horretatik aurrera, Aatamik bere hilezkortasun hori erakutsiko du, eta, nazi bat bestearen atzetik hilez doan bitartean, borroka, tiroketa, urkatze, mina zelai eta hegazkin istripuei aurre egingo die.

Jalmari Helander zinemagile finlandiarrak 2014an zuzendu zuen bere azken filma, Big Game. Bertan, Samuel L. Jacksonek AEBetako presidentearen rola jokatzen du, eta, eraso terrorista baten ondorioz bere hegazkina basoan erori ondoren, 13 urteko Oskari finlandiarraren laguntza beharko du bizirik irauteko. Helanderrek Torontoko zinema jaialdian aurkeztu zuen proposamena, eta iazko jaialdira Sisu azken lanarekin itzuli zen; bertan jaso zuen ikusleen saria. Sitgesko jaialdian ere irabazi zuen, aktore, argazki, soinu banda eta film onenaren sariak jaso baitzituen.

Western moduan kontatua

Helanderren filma western eran kontaturiko istorioa da; Laponiako paisaiak ditu eszenatoki, formatu panoramikoa erabili du, eta asko bizi izan duen heroi isil eta misteriotsua du protagonistatzat. Aatamiren bidaia eta nazien aurkako borroka kapituluetan banatu ditu finlandiarrak, eta kapitulu bakoitzak aurrekoaren tentsioa eta biolentzia gainditzeko helburua du. Western itxurako kontakizun hau janzteko, argazki zuzendaritza ikusgarri batekin egin du lan, plano bakoitzari sakontasuna eta gordintasuna gehitu diena, Laponiako paisaiak lagun. Era berean, soinu bandak istorioari narratiboki falta zaizkion geruza eta testurak gehitzen laguntzen dio.

Sisu-ren premisa argia da: adinean gora doan gizon isil, bakarti bat Laponiako lurretan naziak hiltzen. Biolentzia, odola, akzioa. Helander ez dabil istorio errealista baten bila, ezta historikoki zentzua izango duen kontakizun baten bila ere. Entretenigarria izango den film bat egin nahi izan du, alderdi narratiboari buelta gehiegi eman gabe, sinesgarritasunaz kezkatu gabe. Biolentzia eta umorea edo absurdoa dira filmaren ardatz. Helanderren lanaren sormena ez dago narrazioan, biolentzia era ezberdinetan baizik. Biolentzia da narrazioa.

'SISU'
Zuzendaria: Jalmari Helander.
Gidoilaria: Jalmari Helander.
Aktoreak: Jorma Tommila, Aksel Hennie, Jack Doolan.
Argazkia: Kjell Lagerroos.
Generoa: Belikoa.
Urtea: 2022.
Iraupena: 91 minutu.
Herrialdea: Finlandia.
Estreinaldia: Apirilaren 28an estreinatuko da Hegoaldean eta ekainaren 21ean Iparraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.