Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Ekuazioak minbiziari aurre egiteko

2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Apustu egingo nuke zuetako askorentzat matematika eskolako ikasgairik gorrotatuenetakoa izan zela. «Zertarako ikasi aplikaziorik ez daukaten formula, ekuazio eta bestelakoak?» galdetuko zenioten maiz zeuen buruari. Ba, jakin, oharkabean bada ere, matematika gure eguneroko bizitzako esparru guztietan dagoela presente: erosketak egiten ditugunean, erlojuari edo sakelakoari begiratzen diogunean, ordenagailua erabiltzen dugunean... Ez hori bakarrik, matematika zientzia alor askoren oinarria da.

Medikuntzan, adibidez, gero eta gehiago erabiltzen dira eredu matematikoak gaixotasunen garapena aurreikusteko; baita terapia pertsonalizatuak diseinatzeko ere.

Glioblastoma multiformea (GBM) garuneko minbizi mota bat da, oso azkar hazi eta hedatzen dena. Hain da gaiztoa minbizia, ezen gaixoen biziraupena hilabete gutxikoa izaten den. Gehienetan, GBM tratatzeko, kirurgiaz kentzen da tumorea. Baina, tamalez, gaixo batzuei ebakuntzak ez die inolako onurarik eragiten. Nola aurreikus dezakegu GBM gaixo bati ebakuntzak lagunduko dion ala ez? Galdera horri erantzuteko, AEBetako ikerketa talde batek ekuazio matematikoak garatu berri ditu.

GBM gaixoen erresonantzia magnetikoko irudiak (MRI) behatuz konturatu dira tumore mota horretako minbizi-zelulak, oro har, migratzen edo zatitzen ari direla. Ondorioz, bi parametro horiek konbinatzen dituen ekuazio bat erabiliz, tumorearen hazkuntza-tasa kalkulatzen dute, eta, horrela, tumoreak bi taldetan sailkatzen dituzte. Alde batetik, poliki hazi baina oso inbaditzaileak diren tumore difusoak; bestetik, azkar zatitu baina nekez hedatzen diren nodulu tumoreak.

Bi tumore moten MRI analisiek oso antzekoak dirudite, baina errealitatea oso bestelakoa da. Nodulu tumoreak dituzten gaixoei tumorea kirurgiaz kentzen zaienean, minbizi-zelulak guztiz desagertzen dira garunetik, eta, batez beste, zortzi hilabetez luzatzen zaie bizitza. Aldiz, tumore difusoak dituzten gaixoei, tumorea ebakuntzaz ezabatu arren, minbizi-zelulak oso hedatuta egoten direnez, ez dira guztiz desagertzen. Bestela esanda, ebakuntzak ez dio onura handirik eragiten tumore difusoak dituen gaixoari.

Horregatik, ebakuntzak dituen arriskuak eta eragin ditzakeen kalte neurologiko larriak kontuan izanda, soilik nolabaiteko onura izango duten gaixoei egitea komeni da, hots, nodulu tumoreak dituztenei.

Agerikoa da matematikak GBA minbiziaren esparruan egindako ekarpenaren garrantzia. Aurrerantzean, matematikari esker, GBA gaixoak tumore moten arabera sailkatu ahal izango dituzte. Eta, gainera, biziraupena eta bizi-kalitatea hobetzen lagunduko duten tratamendu pertsonalizatuagoak diseinatuko dizkigute. Izan ere, ikerketa garatu duten adituen esanetan, printzipio bera aplika daiteke beste gaixotasun askoren kasuan ere. Batek daki! Agian, etorkizunean pairatuko ditugun gaixotasunak sendatzeko giltza ekuazio matematikoek emango digute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.