Jaialdi berezi bat iragarri du Hatortxu Rockek datorren urterako

25. Hatortxu Rock jaialdia izango da abenduaren 18an. Datorren urteko uztailean, bi eguneko jaialdi berezi bat egingo dute

Lakuntzan egin zen Hatortxu Rock berezia. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Nagore Arin.
2021eko urriaren 15a
00:00
Entzun
«Beste urte batez, hemen da Hatortxu Rock». Horrela iragarri du Hatortxu Rock jaialdiak bueltan dela eta prest dagoela ohiko formatura bueltatzeko «urte eta erdi berezi» baten ostean. «Hamarnaka adjektibo jartzen ahal zaizkie atzean utzi ditugun hilabete hauei guztiei [...]. Baina, horren guztiaren gainetik, Hatortxu Rock jaialdiak ideia argi bat izan du: lanean jarraitu beharra dago». Atarrabian (Nafarroa), jaialdiaren ohiko etxean eta ohiko duen formatuan egingo dute itzulera: abenduaren 18an izango da, eta datozen asteetan emango dute hartan joko duten talde eta musikarien berri.

Ekitaldiaren harira plazaratutako oharrean azaldu dutenez, «guztiok ezagutzen dugun Hatortxu Rock bat» egingo dute, iritzi baitiote murrizketa neurriak bertan behera gelditu direnez geroztik «Hatortxu Rock antolatu eta jaialdiaz gozatzeko moduan» daudela. Ohi bezala, euskal preso politikoek eta senide eta gertukoek pairatzen duten sakabanaketa politika salatzeko antolatu dute, eta irabazi ekonomikoak ere sakabanaketaren aurkako lanera bideratuko dituzte.

Igandetik aurrera erosi ahal izango dira jaialdirako sarrerak: 20:00etan jarriko dituzte salgai, jaialdiaren webgune ofizialean, www.hatortxurock.eus orrialdean, eta 20 euroan erosi ahal izango dira. Egunean bertan, berriz, 25 euro ordaindu beharko dira sarrera bat eskuratzeko. Antolatzaileek zehaztu dutenez, iazko aldi berezian sarrera erosi zuten guztiek aukera izango dute aurtengo hau aurresalmentan lortzeko, eta posta elektronikora bidaliko dieten mezu baten bitartez erosi ahal izango dute sarrera.

Beste ekitaldi bat 2022an

Baina itzulerarena ez da jaialdiak eman duen albiste bakarra; izan ere, hurrengo urtean ere ekitaldi handi bat izango dela aurreratu dute. Uztailaren 29an eta 30ean izango da, Atarrabian hura ere, eta bi egun iraungo du. «Azken urtean antolatu ezin izan diren ekitaldi guztiak kontuan hartuta eta sakabanaketaren aurkako borrokan dagoen beharra aztertuta» hartu dute erabaki hori. Orduan koronabirusaren bilakaera zer-nolakoa den aztertu beharko dutela ere aurreikusi dute, baina gaur-gaurkoz «zita berezi» hori prestatzen hasiak direla ere zehaztu dute. Jaialdiak hasieratik bere buruari ezarritako helburua ahaztu gabe: «Gero eta gertuago ikusten dugun sakabanaketa politikaren amaiera gauzatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.