Agur erraldoia bestei

Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako kideek haurren berotasuna jaso dute, hurrengo urtera arte agur esan baino lehenUdaletxe plazan gin dituzte bestetako azken dantzak, haur eta helduen aurrean

edurne elizondo
Iruñea
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Egunero jendetza izan dute atzetik. Egunero piztu dituzte irribarreak umeen aurpegietan. Egunero bilakatu dituzte Iruñeko haurrak pixka bat zoriontsuago. Hasten den oro, hala ere, amaitu egiten da. Iruñeko Erraldoien eta Buruhandien Konpartsako kideen eguneroko paseoak ere bai. Atzokoa izan zen azkena. Horregatik, behar bezalako agurra egin zieten Udaletxe plazan bat egin zuten umeek eta haien gurasoek konpartsako kideei. Agur erraldoia izan zen, goizero Iruñeko karrikak alaitu dituzten panpinen tamainakoa.

Erraldoia da, halaber, Iruñeko haurrek hiriko erraldoiei, kilikiei, buruhandiei eta zaldikoei dieten maitasuna. Agerikoa zen atzo Udaletxe plazako ekitaldian. Umeen aurpegietan malkoak ageri ziren hain gustuko dituzten erraldoiei, berengana hurbildu eta makurtuta, kartoizko aurpegi bizietan musu eman zietenean. Buruhandiek ere zapiak atera behar izan zituzten poltsikotik malkoak lehortzeko. Udaletxeko balkoira igo zen, adibidez, Caravinagre, iruindarren artean kutunena, eta zapiarekin haurrak agurtu eta gero, masailak idortzeko baliatu zuen.

Agurra zen atzokoa, baina, hala eta guztiz ere, besta giroari azken momentura arte eutsi zioten konpartsako kideek, bai eta haien inguruan bat egin zuten iruindarrek ere. Musika izan zuten lagun, eta, musikarekin batera, erraldoiek Udaletxe plazan egin zituzten azkeneko dantzak. Inoiz baino gehiago saiatu ziren erraldoiak, gainera, ikusleen gustuko emanaldia egiten. Dantza eta bira ikusgarriak egin zituzten, haurrei hurrengo urtera arte oroitzapenik ederrena uzteko asmoz.

Azken agurraren orduan, emozioa nabaria zen txikienen artean. Udaletxe plaza lepo bete zen, eta haur anitz gurasoen sorbalda gainera igo zen erraldoiak eta buruhandiak hobekiago ikusi ahal izateko. Herriko etxetik ez ezik, plazako inguruko etxeetako balkoi eta leihoetatik ere agurtu zituzten kilikiek eta buruhandiek umeak, eta goxokiak bota zizkieten. «Patata! Patata!» deitzen zuten haurrek kilikietako bat. Agurraren ordua ahalik eta gehien luzatu nahi zuten txikienek.

Erraldoiak hain gertu ikusita beldurtu zen haurrik ere izan zen atzo Udaletxe plazan. Gehienentzat, hala ere, unea biziki hunkigarria izan zen. Iruñeko haurren artean ohitura da erraldoiei ematea zupakia, behin betiko erabiltzeari uzteko. Atzo ere horretarako profitatu zuten umeek aukera. Gau partean zupakia erraldoiari eman izanaz damutzea zen haurren gurasoen kezketako bat.

Atzo, zupakirik ez zuten behar plazan bat egin zuten neska-mutilek. Erraldoiei eta konpartsako gainontzeko kideei oihu bertzerik ez zieten egin nahi. Ez joateko eskatu. Eta benetako agurraren orduan, gero arte bertzerik ez zieten erran nahi izan.

Erraldoiei ere kosta egin zitzaien haurrei agur erratea. Ordubete luzez egon ziren Udaletxeplazan umeen artean jira eta bira, herriko etxera sartu baino lehen. Lehendabizikoz sartu zirenean, gainera, ezin izan zioten berriz ateratzeko tentazioari eutsi. Haurrak deika zituzten kanpoan, eta amore eman zuten. Erraldoiek ere dantzan jarraitu nahi zuten, eta plazan bat egin zuten berriz ere, besta luzatzeko asmo bakarrarekin.

Sanferminetan hiriko bazterrak zeharkatzen dituzte konpartsako kideek egunero, baina atzo argi utzi zuten ez direla nekatu. Gehiagorako gogoa bazutelaoraindik ere.

Kontent baina triste

Azkenean, hala ere, amore eman behar izan zuten. Adiós con el corazón kanta jo zuten konpartsako musikariek, eta iruindarrek abestu egin zuten. Ekitaldiko azkena izan zen. Banaka, herriko etxera itzuli ziren konpartsako erraldoiak eta gainontzeko kideak, eta udaletxeko atea itxi zuten.

Ez ziren bigarrenez atera, eta, pixkanaka, plazatik alde egin zuten erraldoiak agurtzeko bat egindako haurrek. Irribarre zabala zuten aurpegian denek, konpartsako kideak agurtzeko aukera izan eta gero. Tristura ere agerikoa zen anitzen hitzetan. «Bihar ez dira aterako?», galdetu zion ume txiki batek amari. Amak ezetz erantzun zion, sanferminak amaitu zirela. Hurrengo urtean, hala ere, erraldoiak berriz ere karrikan izanen direla azaldu zion. Urtebete denbora gehiegi ote den pentsatzen gelditu zen haurra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.