Datorren asteko estreinaldiak

Aniztasuna eta kalitate bermatua

'Gisaengchung' filmarekin Cannesen irabazi ondoren, Bong Joon-ho zinemagileak beste aitorpen bat jaso du

Bong Joon-ho zinemagilea Cannesko Urrezko Palma jasotzen, maiatzaren 25ean. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE.
Gontzal Agote.
2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Aspaldidanik gauza jakina da Bong Joon-ho dela egungo zinemagilerik handienetakoa. Horretarako, aski da haren filmografia labur baina bikainari erreparatzea. Orain, berriz, aitorpen horrek jite ofiziala hartu du, Gisaenghung bere azkeneko filmarekin Cannesko zinema jaialdian Urrezko Palma irabazi ondoren. Lehen korearra da saria lortzen duena, eta kontua are deigarriagoa da, aurten bereziki maila ona izan omen baitu Okzitaniako zinemaldiak.

Canneskoan ez, Donostiakoan hasi ginen Bong Joon-ho ezagutzen. Bertan, 2000. urtean, bere film luzea estreinatu zuen, Flandersei gae, eta ordurako atentzioa eman zuen zuzendari hasiberriak egindako komedia beltzak.

Nolanahi ere, bigarren filmarekin erakutsi zuen bere kalitatearen neurria. 2003an Donostiako Zinemaldira etorri zen berriro ere, eta bertan aurkeztu zuen lana ez zen nolanahikoa izan: Salinui chueok da azken urteotan egin den thrillerrik beltzena eta biribilenetakoa.

Dena den, halakoetan ohi denez, filmak ez zuen irabazi Urrezko Maskorra, Alemaniako Schussangst filmari ematea erabaki baitzuen epaimahaiak. Bong Joon-ho zuzendari onenaren sariarekin konformatu behar izan zuen.

Bigarrenak izan zuen harrera beroaren ostean, beste maila batera pasatu zen zuzendaria. Horri esker, normalean oso garesti izaten den genero bati ekiteko aukera izan zuen: zientzia fikzioarena. Are garestiagoa izaten da tartean munstroak badira.

Gwoeul zuen izena hirugarren filmak, eta izugarrizko arrakasta izan zuen Bong Joon-horen jaioterrian. Hortik kanpo ere, kritikak ezin hobeak izan zituen erreka batean bizi den izaki beldurgarriaren inguruko filmak.

Polemika Cannesen

Azken urteotan, korearrak argi utzi ditu bere zinemaren bi ezaugarri nagusi: batetik, ohiko autore zinema egin gabe ere, erraztasun handiz mugitzen dela genero batetik bestera; bestetik, bere lan guztiek kalitate handiakoak direla. Parametro horien barnean ailegatu ziren Leos Carax eta Michel Gondryrekin batera egindako Tokyo! film kolektiboa, Madeo drama gordina eta izen bereko eleberrian oinarritutako Snowpiecer apokaliptikoa.

Hala ere, dena ez da loria izan. Aurtengo saria irabazi aurretik, Cannesko zinemaldiarekin esperientzia ozpina izan zuen Bong Joon-hok. Izan ere, duela bi urte Okja film fantastikoarekin lehiatu zen. Arazoa da Netflix zela ekoizlea, eta horrek oraindik amaitu ez den polemika handi bat piztu zuen. Azkenean, Sail Ofizialean parte hartu ahal izan zuen Okja-k, baina ez zuen batere saririk eraman. Hurrengo urtean, berriz, Netflixek ekoitzi eta Alfonso Cuaronek zuzendutako Roma lehiaketatik kanpo uztea erabaki zuen zinemaldiak.

Bi urte geroago, berriz, Cannesera itzuli eta dena izan du alde korearrak. Filmak Urrezko Palma irabazteaz gain, oso kritika onak jaso ditu. Bi familiaren arteko harremanaren inguruko komedia beltza da Gisaengchung. Askoz ere xehetasun gehiago ez dira zabaldu, zuzendariak berak eskatu baitzuen istorioari buruzko nondik norakoak ez jakinarazteko, ikusleari ezustekoa ez zapuzteko.

'GISAENGCHUNG'

Zuzendaria. Bong Joon-ho.

Aktoreak. Song Kang-ho, Lee Seon-gyun, Jang Hye-jin, Cho Yeo-jeong, Choi Woo-sik, Park So-dam.

Herrialdea. Hego Korea.

Urtea. 2019.

Iraupena. 132 minutu.

Generoa. Komedia beltza.

Asteazkenean estreinatuko dute filma Ipar Euskal Herriko zinema aretoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.