Datorren asteko estreinaldiak

Pilotua itzuli da, 36 urte geroago

Tom Cruisek arrakasta lortu zuen 'Top Gun'-eko pertsonaiarekin, eta Cannesen aurkeztu du haren itzulera

Tom Cruise armadako hegazkin pilotatzen agertuko da, lehen Top Gun estreinatu eta 36 urtera. BERRIA.
urtzi urkizu
2022ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Zaleak dira Hollywooden garai bateko arrakasta komertzialei segida ematen, lehen filmetik bigarrenera denbora asko pasatu arren. Top Gun-en kasuan, oso-oso luze joan da bigarren zatia iritsi den arte: 36 urte. Tom Cruise zen lehen zatiaren protagonista; eta datorren astean aretoetara iritsiko da Top Gun: Maverick jarraipena, aktore berarekin.

Cannesko zinema jaialdian aurkeztu dute pelikula, lehiaz kanpo, eta fotografoen arreta osoa bereganatu du Cruisek. Ez da gutxiagorako: pelikula berria propio aktorearen luzimendurako egina dago. Hala diote makina bat kritikarik, bederen. Dena den, filmean ageri dira beste aktore eskarmentudun batzuk: Jennifer Connelly, Ed Harris, Miles Teller eta beste hainbat. Han agertuko da lehen zatiko beste protagonistetako bat: Val Kilmer. Baina lehen zatia ikusi ez dutenei spoiler-ik ez egitea komeni da, badaezpada ere.

Pete Maverick Mitchel AEBetako armadako pilotuarena egiten du Cruisek. Hiru hamarkada joan dira armadan sartu zenetik, eta nahi duen tokian dago orain: zeruetan mugak gainditzen, garai batekoak baino aurreratuagoak diren hegazkin militarretan. Graduatu gazte batzuen mehatxua sentituko du, ordea, halako batean. Eta garai bateko lagun min baten semea topatuko du armadan: Bradley Bradshaw tenientea. Misio zail bati egin beharko diote aurre Mitchelek eta pilotu gazteek. Orduan iritsiko da espero gabeko amesgaiztoa Mitcehelentzat.

Tony Scott zena falta da

Paramount Pictures estudioek ekoitzi zuten lehen zatia, eta bigarrenari ere konpainia berak ekin dio. 1986ko pelikula ez zen beste munduko ezer ikuspegi zinematografikotik, baina entretenigarria zen, eta lau hautagaitza izan zituen Oscar sarietan: abesti onenaren Oscarra ere eraman zuen.

Zaila izango da lehen filmaren zaleek alderaketarik ez egitea lan berri honen eta 1986koaren artean. Eta halakoetan saihetsezina da aipatzea zuzendaria aldatu egin dela; Tony Scott Erresuma Batuko zinemagile eta ekoizleak —2012an zendu zen— zuzendu zuen trebeziaz aurreneko zatia. Ridley Scotten anaiak akziozko film esanguratsuak zuzendu zituen 1980ko eta 1990eko hamarkadatan. Generoaren klasiko bilakatu da jada. Eta Top Gun izan zen estudio handien konfiantza bereganatzeko Scottek lortu zituen lehen arrakasta komertzialetako bat.

Top Gun: Maverick berrian, berriz, zuzendaria Joseph Kosinski da. Zientzia fikziozko lanetan abila da, eta Tron: Legacy (2010) da haren lanik entzutetsuena. Tom Cruise aktorearekin, berriz, Oblivion filmean egin zuen lan. Top Gun-en bigarren zatian gidoilari talde handi baten istorioari heldu dio —ekoizleek aintzat hartu dute efektu berezi zailen gidaritzan duen eskarmentua—. Hala ere, egongo da bat baino gehiago Scotten eskuaren falta sumatuko duena.

Luze itxaron ostean, Top Gun originalarekin gozatu zuten ikus-entzuleek hegan egiteko tartea izango dute pantaila handian. Zenbait kritikarik nabarmendu dute nostalgiaz betetako lana dela, egiten dizkiola erreferentziak 1986ko pelikulari. Eta, bestetik, aire armadako oinarriak hankaz gora jartzen direla behin baino gehiagotan. Entretenimenduzko lan bat baino ez da, ordea.

'TOP GUN: MAVERICK'
Zuzendaria. Joseph Kosinski.
Aktoreak. Tom Cruise, Miles Teller, Jennifer Connelly, Jon Hamm, Glen Powell, Ed Harris, Val Kilmer.
Generoa. Akzioa.
Herrialdea. AEB.
Iraupena. 131 minutu.
Estreinaldia. Asteazkenean estreinatuko dute Iparraldean, eta ostegunean Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.