Albistea entzun

Datorren asteko estreinaldiak

Egia da: Presley bizirik dago

Elvis Presley rockaren izarraren inguruko filma egin du Baz Luhrmann zinemagileak, Warner Bros estudioekin
Austin Butler aktoreak egiten du Elvis Presley rockaren erregearena Baz Luhrmannen filmean.
Austin Butler aktoreak egiten du Elvis Presley rockaren erregearena Baz Luhrmannen filmean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2022ko ekainak 18

Elvis Presley (Tupelo, Mississippi, 1935-Memphis, Tennessee, 1977). Rockaren erregea. Duela 45 urte hil bazen ere, zenbait zalek eta mireslek esan izan dute ez dela hil, eta fokuetatik urrun bizi zela uharteren batean. Ez da kontua halakoetan sinestea: Presley hil zen. Baina haren musikak bizirik jarraitu du azkeneko hamarkadetan. Haren lana ez du haizeak eraman. Eta Baz Luhrmann zinemagilearen film biografikoak pantaila handian berpiztuko du musikari estatubatuarraren bizitza eta lana. Urteko estreinaldirik sonatuenetakoa da Elvis.

Filmak arreta jartzen du Elvis Presleyk eta bere managerrak izan zuten harremanean. Tom Parker koronela izan zen rock izarraren managerra urte luzez, eta haien arteko harreman konplexua azaleratzen du filmak: Presleyk 20 urte baino ez zituela hasi zen Parker haren manager gisa. Ospean gorantz nola joan zen bizi izan zuen ordezkariak. Nola erori zen ere bai. Filmak, era berean, AEBetako gizartean gertatzen ari ziren aldaketak jasotzen ditu. Testuinguru sozialak badu garrantzia kontatzen den istorioan. Eta musikariaren inguruko pertsonen artean, bestalde, bada beste bat oso garrantzitsua: Priscilla Presley.

Tom Hanks aktoreak jokatzen du Parker managerraren rola. Elvisena, berriz, Austin Butlerrek egiten du. Olivia de Jonge aktoreak egiten du Priscilla Presleyrena.

Ezin zuen bestela izan, eta Presleyren kanta ezagunenak filmean entzuteko aukera izango da. Ez da musikal bat, baina musikak zipriztintzen du istorioa. Eta, hain zuzen ere, filmaren zuzendariak badu nahikoa eskarmentu zeluloidea musika doinuekin ontzen.

Luhrmannen arrakastak

Australian jaioa da Luhrmann, eta aktore lanetan hasi zen zinema munduan. Baina ez zen oso urrun heldu betebehar horretan. Ekoizle eta zinemagile, berriz, lan entzutetsuak egin ditu. Strictly Ballroom (1993) izan zen zuzendari gisa lortu zuen bere lehen lan arrakastatsua. Gero, William Shakespeare's Romeo + Juliet iritsi zen, 1996an. Eta goia Moulin Rouge musikalarekin (2001) jo zuen: sari ugari irabazi zituen, eta film onenaren Oscar sarirako hautagaia izan zen. Nicole Kidmanek eta Ewan McGregorrek jokatu zituzten rol nagusiak, musika izar ugariren kantak uztartzen asmatu zuen, eta musikal modernoak izan ditzakeen ezaugarriak ezarri zituen.

Kidman zuzendu zuen berriz ere Australia film epikoan (2008). Bere azkeneko filma, berriz, AEBetan egin zuen: The Great Gatsby (2013). F. Scott Fitzgerald idazlearen izen bereko eleberrian oinarrituta dago lan hori. Cannesko jaialdian estreinatu zuten The Great Gatsby, eta Elvis ere Okzitaniako kostaldeko hirian egiten den zinema topaketan aurkeztu dute, lehiaz kanpo.

Luhrmann ohituta dago aurrekontu handiko ekoizpenei aurre egiten. Hala, Warner Bros estudioek segurura jokatu dute Presleyren biografiari heltzean. Moulin Rouge-k zuen estetika barrokoa Elvis-erako neurri batean erabili du Luhrmannek, nahiz eta zenbait kritikarik idatzi duten gidoiak huts egiten duela.

Promoziorako, bestalde, dirutza erabili du Warnerrek, eta, horri Tom Hanksen izena gehituta, porroterako aukerak ez dira hainbeste.

'ELVIS'
Zuzendaria. Baz Luhrmann.
Aktoreak. Austin Butler, Tom Hanks, Richard Roxburgh, David Wenham, Olivia DeJonge, Kodi Smit-McPhee, Dacre Montgomery, Luke Bracey, Xavier Samuel.
Generoa. Biografikoa-musikala.
Herrialdea. Australia-AEB.
Estreinaldia. Datorren asteazkenean estreinatuko dute Iparraldean, eta ostiralean Hegoaldean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Manel Vidal, astearteko saioan ©Berria

TV3ek Manel Vidal umorista kaleratu du, PSC svastika batekin lotzeagatik

Urtzi Urkizu

TV3eko zuzendariak Zona Franca saioa egiten duen ekoiztetxearekin batera hartu du erabakia. TV3eko Programetako Kontseilu Profesionalak kaleratzea salatu du, eta aurrekari bat sortu dela kritikatu.

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak, goizean, Bilboko udaletxean ©Bilboko Udala

Ylenia Baglietto eta Lander Otaola aktoreak izango dira Farolin eta Zaranbolas Bilboko aratusteetan

Amaia Igartua Aristondo

Besteak beste, ETB1eko 'Goenkale' telesailean egin zuen lan Bagliettok, eta 'Vaya Semanita'-n Otaolak. Inauteriak otsailaren 17an hasiko dira, pertsonaion atxiloketarekin eta epaiketarekin, eta 21ean bukatu.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Nire lanbidea artearekin lotzen saiatzen nintzen beti»

Unai Etxenausia

Armestok biltegian gordeta zeuzkan lan batzuk aurkeztu ditu Gasteizko Zas Kultur Espazioan. Marrazkiek «pertsonen arteko komunikazioa eta inkomunikazioa» erakusten dute.
 ©ETB

«Beste gauza batzuk probatu nahi ditut»

Urtzi Urkizu

Igandean, Gurrutxagaren agurra izango da ETB1eko 'Herri txiki, Amerika handi' saioan. Zortzi denboraldiren ondoren, beste aurkezle bat arituko da 'Herri txiki, infernu handi'-n.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.