Albistea entzun

Anaitasuna, gerrak eta rap musika

Siriako gerrara joaten diren bi anaia belgikarren istorioa kontatu dute Adil El Arbik eta Bilall Fallahk 'Rebel' filmean
Siriako gerrak familia bat hautsiko du filmean.
Siriako gerrak familia bat hautsiko du filmean. REBEL Tamaina handiagoan ikusi

Uxue Arzelus Lasa -

2023ko maiatzak 27

2010eko hamarkada. Bruselako Molenbeek auzoan bizi dira Kamal, haren anaia gazte Nassim eta haien ama Leila. Kamal oso haserre dago Siriako egoerarekin eta Baxar al-Assad lehendakariak egindako basakeriekin. Nolabait laguntzeko beharra du: ezin da Belgikako etxearen goxotasunetik begira egon. Eta, beraz, Siriara abiatuko da kamera bat hartuta, erresistentziaren zintzotasuna erretratatu nahian. Inozenteki, Kamal ez da Estatu Islamikoaren (EI) intentzioez ohartuko berandu den arte; eta ezinezkoa egingo zaio ihes egitea.

Bien bitartean, Molenbeeken, Nassim gaztea eskolan dago amak ikasgelatik irteteko eskatzen dionean. Berri txarrak ditu haurrarentzat: EIren propaganda bideo bat zabaldu da Interneten. Bertan, Kamal azaltzen da exekuzio talde bateko partaide gisa, eta belauniko dagoen preso bati buruan tiro bat ematen. Berriak azkar hedatuko dira eskolan eta komunitatean. Nassim nahastuta dago, bere anaia nagusia heroia baita harentzat, eta ideia hori bera erabiliko dute tokiko erradikalek, gaztea EIren parte izan dadin errekrutatzen saiatzen direnean.

Adil El Arbi eta Bilall Fallah jatorri marokoarra duten zinegile belgikarrak dira. Nazioartean Black filmarekin egin ziren ezagunak, haien bigarren film luzearekin. Romeoren eta Julietaren istorioa kontatzen du, halaber Bruselako Molenbeek auzoan girotuta. Marokoar jatorriko gazte baten eta neska beltz baten arteko maitasun istorio horrekin iritsi ziren Torontoko jaialdira, eta bertan lortutako arrakastak ireki zizkien ondorengo proiektuen ateak. Rebel iazko Cannesko jaialdian estreinatu zen, lehiaketatik kanpo, eta aurtengo Bcn Film Festen film onenaren saria jaso du.

Rebel Adil & Bilall-en —zinegileen izen artistikoa— filmik pertsonalena da. Gertukoa zaien egoera bat kontatu nahi izan dute, epaitzeko asmorik gabe, eta ikusleak gazte horien larruan jartzea izan da zinegileen asmoa. Era berean, Hirokazu Kore-eda zinemagile japoniarrarekin izandako elkarrizketa baten ondoren, belgikarrek argi zuten istorio familiar bat egin nahi zutela, eta haien erreferente diren Spike Lee, Oliver Stone eta Steven Spielbergen influentziak bildu dituzte anaitasuna erdigunean duen film hori egiteko garaian.

Rebel istorio gogorra da. Morbosoa izan gabe, biolentzia handiko filma da. Era berean, ikusleak horren ezagun dituen gerra istorioei buelta bat ematen die. Ikusleak ikustera ohituta dauden gerra eszenei beste dimentsio bat ematea lortu dute zinegile belgikarrek, eta konbentziotik urrun dauden uneek bizitasuna ematen diete istorioari. Horrela, ia ohartu gabe rap kantu baten bideoklipa dirudien eszena musikal batek moztuko du kontakizuna, eta koreografia eta guzti duen une horrek pertsonaien amorrua hobeto ulertzen lagunduko du. Robrecht Heyvaerten argazki zuzendaritzak eta Frederic Thoravalen muntaketak zuzendarien lana borobildu dute.

'REBEL'
Zuzendariak: Adil El Arbi, Bilall Fallah.
Gidoilariak: Adil El Arbi, Bilall Fallah, Kevin Meul, Jan van Dyck.
Aktoreak: Aboubakr Bensaihi, Lubna Azabal, Amir El Arbi.
Argazkia: Robrecht Heyvaert.
Generoa: drama.
Urtea: 2022.
Iraupena: 135 minutu.
Herrialdea: Belgika
Estreinaldia: ekainaren 2an estreinatuko da Hegoaldean.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskadi Irratiko mikro bat. ©Foku

Euskadi Irratiko langileek murrizketak egiteko irizpideak gaitzetsi dituzte

Urtzi Urkizu

Miramongo Euskadi Irratiko langile batzordeak eta erredakzio kontseiluak zuzendaritzari eta EITBren administrazio kontseiluari eskatu diete 24 orduko informazio zerbitzuari eusteko.

Joseba Sarrionandia <em>Kristalezko begi bat</em>-en pasarte bat irakurtzen, atzo, Bilboko Arriaga antzokian. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Meaberen 'Kristalezko begi bat' irakurri dute Bilboko Arriagan

Amaia Igartua Aristondo

Miren Agur Meaberen 'Kristalezko begi bat' eleberria irakurri dute ahots goran Bilboko Arriaga antzokian, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako XVI. Irakurraldi Jarraituan.

 ©OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Kontsultaren eta laborategiaren artean zubiak eraikitzea dagokit»

Iker Tubia

Laguntza eta jakin-mina aipatzen ditu Mendibek neurologiaz hitz egitean, baita pazienteak eta talde lana ere. Esklerosi anizkoitzaren alorrean izan diren aldaketa «sekulakoak» azaldu ditu. Esan duenez, alzheimerra eta AEA dira erronka nagusiak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...