Heriotzak dakartzan bidaiak

Familiako heriotza batek eragindako hausnarketak eta bilaketa kontatu ditu Pham Thien An vietnamdarrak

Paisaiak garrantzi handia du filmean. BÊN TRONG V? KÉN VÀNG.
Uxue Arzelus Lasa.
2023ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Saigon hiriaren erdialdea. Futbol partida bat jokatzen ari dira zelaian. Aldameneko tabernan, jendea Munduko Futbol Kopako partidaren bat ikusten ari da. Telebistari kasu handirik egin gabe, hiru lagun berriketan ari dira. Haietariko bat hiria utzi eta mendira bizitzera joatekoa da, eta, hori ospatzearren, lagunak edateko elkartu dira. Thien, 30 urte inguruko gaztea, hiruretatik isilen dagoena da, eta elkarrizketan interes berezirik ez duela dirudi. Fedeari eta bizitzari buruz hitz egiten ari direla, eta tabernako aterpetik kanpo gertatzen ari den udako ekaitzaren ondorioz, bi motorrek istripua izango dute ondoko kalean. Thienek ondoren jakingo du motor horietako baten gidaria bere anaiaren bikotekide ohia zela, eta istripuaren ondorioz hil egin dela.

Haren eta anaiaren seme gaztea, Dao, amarekin zegoen istripua gertatu zenean, baina onik atera da. Dao ilobaren arduradun bilakatuko da Thien, eta elkarrekin hasiko dute hiritik Thienen—eta Daoren amaren— jaioterrirako bidea, emakumea bertan lurperatzeko asmoz. Dao bertako eskola erlijioso batean onartzen dutenean, Thienek bigarren bidaia bat hasiko du aspaldi desagertu zen bere anaiaren bila, eta bilaketa hori bizitzaren zergatia eta bere arimaren aurkikuntza bidaia espiritual bat bilakatuko da.

Pham Thien An 34 urteko zinemagile vietnamdarra da Bên trong v? kén vàng filmaren zuzendari, gidoilari eta muntatzailea. Informazioaren Teknologia ikasi zuen unibertsitatean, baina graduatzeko ikasgai bakarra gelditzen zitzaiola, eta behin eta berriro ez zuela gainditzen ikusita, utzi egin zuen. Unibertsitateko titulurik gabe, inork ez zuen kontratatu nahi, eta, ezagutza teknikoak eta sormena nahasten zituen zerbait topatu nahian, bideoak editatzen ikasi zuen. Horrek, filmeko protagonistak bezala, ezkontzetako bideogile lana egitera eraman zuen; baina lau urteren ondoren, nazkatu, eta lagun batzuekin film laburrak egiten hasi zen. Horrela iritsi zen gaztea zinemaren mundura. 2019an, Stay Awake, Be Ready film laburrarekin, Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian Illy saria jaso zuen, eta aurten, berriz, lehen lanik onenari ematen zaion Urrezko Kamera irabazi du Bên trong v? kén vàng filmarekin.

Aukera galduak

Pham Thien Anen lehen film luzeak bilaketa baten istorioa kontatzen du. Desagertu zen anaiaren bilaketa da protagonista gazteak hasiko duen bidaia, haren semearen ardura hartu dezan egiten den bilaketa, baina batez ere praktikotasunetik harago doan bidaia bat egingo du Thienek: aukera galduen eta bizi ahal izango lituzkeen beste bizitza horietara egindako bidaia; fedea, espiritualtasuna eta izatearen zergatia zalantzan jarriko dituen bidaia.

Plano luzeak, hitz gutxi, linea eta koloreak erabiliz egindako konposizio zainduak eta detaile txikienean oinarritutako soinuaren erabilera. Vietnamdarrak mundu errealista bat nahastu du onirikoagoa den batekin, eta Vietnamgo landak eskaintzen ziona erabili du kontakizuna aberasteko. Hala, filmatutako paisaia bakoitza pertsonaiei buruzko informazio iturri bilakatzen da, eta pelikulak duen deitailearekiko sentsibilitateak ulertzera ematen du ezer ez dagoela ausaz jarria.

'BêN TRONG V?? KéN VàNG / INSIDE THE YELLOW COCOON SHELL'
Zuzendaria: Pham Thien An.
Gidoilaria: Pham Thien An.
Aktoreak: Nguyen Thi Truc Quynh, Le Phong Vu, Vu Ngoc Manh.
Argazkia: Dinh Duy Hung.
Generoa: Drama.
Urtea: 2023.
Iraupena: 182 minutu.
Herrialdea: Vietnam.
Estreinaldia: irailaren 20an estreinatuko da Iparraldean, eta Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi sailean egongoda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.