Datorren asteko estreinaldiak

Probokatzaileak egin zuen filma

Lars von Trier zuzendariak saileko hiltzaile baten ikuspuntua eman du 'The House That Jack Built' azken filmean

Hamabi urtean egin dituen zenbait hilketa kontatzen ditu Jack hiltzaile gupidagabeak, artelanak balira bezala. BERRIA.
Gontzal Agote.
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Iazko Cannesko zinemaldian ikusmin berezia eragin zuen lehiaketaz kanpo zegoen film batek: Lars von Trierren azken lana zen, thriller odoltsu bat, The House That Jack Built izenekoa. Morboa bi arrazoik eragin zuten: batetik, film horrekin itzuli zela zuzendaria zinemaldira; eta, bestetik, pelikulaga bera.

Lehenaren jatorria 2011n bilatu behar dugu. Urte horretan, zinemagile danimarkarrak film bikain batekin hartu zuen parte: Melancholia. Hasieran, gauzak ongi samar joan ziren, kritika onak egin baitzizkioten filmari emanaldiaren ostean. Arazoa ondoko prentsaurrekoan etorriko zen: Von Trierrek Hitlerren inguruko laudoriozko esaldi batzuk esan zituen, mundu osoko prentsaren aurrean.

Horrek egundoko eskandalua sortu zuen, bereziki Frantzian, eta, horren ostean, munduko zinemaldirik inportanteenak personanon grata izendatu zuen zuzendaria. Iaz etorri ziren barkamena eta erredentzioa.

Hilketa katalogoa

Filmari berari dagokionez, zeresan handia eman zuen. Kronikek diotenez, ehun lagun inguruk utzi zuten aretoa, pelikula amaitu aurretik. Ez bereziki aspertuta zeudelako, pantailan agertzen ziren hainbat sekuentziaren krudelkeria jasaterik ez zutelako.

Zer da, bada, oraingoan Lars von Trierrek horrek gordin kontatu duena? Izenburuak argi uzten duen moduan, Jacken istorioa da. Saileko hiltzaile bat da, eta haren ikuspuntutik kontatzen da istorioa. Horrela, hamabi urtean egin dituen zenbait hilketa errepasatuko ditu hiltzaile gupidagabeak. Harentzat, artelan bat da hilketa bakoitza, eta horiek gogoangarriak direla uste du protagonistak. Hortik abiatuta eraiki du film berria Von Trierrek.

Haren filmekin ohikoa denez, oso muturreko iritziak eta jarrerak eragin ditu lanak: batzuentzat, erabateko maisulana da; beste batzuentzat, berriz, zentzurik gabeko odol festa onanista bat besterik ez.

Dena den, horrelakoak ez dira batere berriak zinemagile danimarkarrarentzat. Bere ibilbidearen hastapenetik, arbuioen eta laudorioen artean mugitu behar izan du, erdibideko iritzietarako apenas tarterik utzi gabe. Egia esatera, ez du ematen egoera horretan batere deseroso dagoenik: probokatzea gustatzen zaio Von Trierri, eta, harentzat, oharkabean pasatzea litzateke porrotik handiena.

Nolanahi ere, denborak ematen duen perspektibaz, ukaezina da filmografia oso sendoa eraiki duena; areago, Europako zinemagintzaren azken hiru hamarkadak ezin direla ulertu haren ekarpenik gabe. Eta ez Dogma mugimenduaren sortzailea izateagatik, zeren horrek, azken batean, anekdota itxura hartzen baitu.

Egin dituen pelikulak errepasatuta, zerrenda ez da nolanahikoa. Izan ere, zuzendari askok dutena eta ez dutena emango zuketen horietako bakarra izatearekin: Europa, Breaking the Waves, Idioterne, Dancer in the dark, Dogville, Melancholia, Antichrist...

'THE HOUSE THAT JACK BUILT'

Zuzendaria: Lars von Trier.

Aktoreak: Matt Dillon, Bruno Ganz, Uma Thurman, Riley Keough, Sofie Grabol.

Iraupena: 150 minutu.

Herrialdea: Danimarka.Urtea: 2018.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.