KRITIKA. Antzerkia

Madari hilak platerean

Agus Perez.
2018ko abenduaren 4a
00:00
Entzun

'Circo de pulgas'

Konpainia: Matarile. Sorkuntza eta zuzendaritza: Ana Valles. Argiak eta eszenografia: Baltasar Patiño. Interpreteak: Monica Garcia, Nuria Sotelo, Celeste, Ricardo Santana, Anton Coucheiro, Ana Valles.Lekua: Barakaldo antzokia.Eguna: Azaroak 30.

Madari plater bati eutsi dio eszenako pertsonaia absurdu batek, atzekoz aurrera jantzitako bainu-txabusinak aurpegia estali eta eskuak bakarrik uzten zizkiola agerian. Ana Valles arkakuso-zirkuko zuzendariak azaldu digu platerean zeuden madariak hilik zeudela, edo gutxienez, beren zelula asko hiltzeko prozesuan egongo zirela, eta madariak izan beharrean arkakusoak izan zitezkeela, plateretik salto egiteko prest. Izan ere, garai batean arkakuso-zirkuak oso modan egon ziren Europan, estrainioa denak, izatez kontrolaezina denak, logika cartesiarrari erantzuten ez dionak gure interesa ekartzen duelako. Ametsetan egotearen sentsazioa sentitu dugu hasieratik bertatik, musika, lainoak eta argiak lagun, eta giro oniriko horretan agertu dira pertsonaiak artegagarriak bezain erakargarriak egin zaizkigu.

Madarietatik arkakusoetara eta haietatik gizakiraino, parada ederra eman dio gaiak gure gizartean normaltzat jotzen denaz eta arauetatik kanpo dagoenaz gogoetatzeko. Baina Santiagoko (Galizia) konpainiaren estiloan ez da inoiz sartzen ez kontakizun linealik ez hitzen bidezko logikarik, eta Vallesek berak geroko solasaldian argitu digunez, «gorputzek ez dute gezurrik esaten». Horrela izanik, beraiei, beren arauz kanpoko zein arauaren barruko itxurei, beren presentzia soilek transmititzen digutenari eman dio garrantzirik behinena. Eta gero etorri da hitza, ez lehen mezu bezala baizik eta gorputz hil, bizi eta eraldatu horien guztien propietate bezala.

Xede horri begira, garai bateko zirku-pertsonaia harrigarriak hartu ditu Vallesek inspirazio-iturritzat bere gogoeta estetiko-filosofikoei ekiteko, eta bide horretatik, aurpegirik gabeko izakia, oinekin erretzen zuen emakumea, trapeziotik inoiz jaitsiko ez zen artista eta transgeneroaren gorputz-aldarrikapena Fellini, Debussy, Rimbaud, Steiner, Laurie Anderson eta Moliere bezalako egileen aipu eta pentsamenduekin tartekatu dira. Testu idatziak direlako, azken finean, antzezlan bati bere sakontasun osoa ematen diotenak.

Eta testuekin batera, maila bikaineko dantza etorri da, batez ere Monica Garcia, Nuria Sotelo eta Ana Vallesen eskutik, eta orain arte esandako guztia urruntasun hipnotiko batetik etorri da, argi delikatu eta kementsuetan bilduta etazirku-fanfarre kutsuko soinu-banda malenkoniatsuaren laguntzaz. Amaiera aldera, Rembrandten margolan bateko disekzioa irudikatu dutenean, Vallesek berak erdibitu du madarietako bat dantzari baten bularraren gainean eta handik jan du frutaren bihotza. Sinbolismo handiko irudi hori jaunartze ia liturgiko batekin koroatu da, eta han denok gonbidatu gaituzte fruta debekatutik jatera. Aitortzen dut, neu ere jausi naiz eskaini didaten fruta umel eta goxoaren tentazioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.