Zientzia. ARGI ALDIAN

Hizkuntza txikien biziraupena

Gorka Azkune - EHUko Informatika fakultateko ikerlari eta irakaslea

2019ko azaroak 29
Hiztun kopuruari so egiten badiogu, euskara, hizkuntza txikia da. Munduan bizi garen zazpi mila milioi pertsonetatik, euskara oso gutxik hitz egiten dugu. Akaso milioi batek? Ez daukat datua eskura, baina ez da oso garrantzitsua gaurko zutabean idatzi nahi dudana azaltzeko. Historiari erreparatuz gero, ordea, ezin esan euskara hizkuntza txikia denik. Europako hizkuntza zaharrenen artean kokatzen dute askok. Ez da makala. Eta bere jatorriaren misterioa aintzat hartuz gero, hizkuntza handia dugu zalantzarik gabe. Baina Koldo Mitxelenak esan zuen bezala, euskararen misteriorik handiena ez da bere jatorria, bere biziraupena baizik. Ez baita batere erraza azaltzea nola demontre ari garen gaur egun euskaraz hitz egiten eta komunikatzen.

Hizkuntza baten biziraupena bermatzeko, erabilera da ziurrenik aldagairik garrantzitsuena. Hizkuntza bat hil egiten da ez badago hiztunik. Gaur egun, ordea, bada beste aldagai oso garrantzitsu bat, biziraupenarekin erlazio zuzena duena: hizkuntza baten presentzia mundu digitalean. Arlo horretan, esan behar da euskara ez dabilela gaizki. Webean eduki pila bat topa daitezke euskaraz. Euskal Wikipedia, adibidez, hizkuntza txikien artean eduki gehienetarikoa eskaintzen duena da. Atzean komunitate aktibo bat baitago jo eta ke lanean. Tresnak eta aplikazioak ere badira makina bat: Xuxen zuzentzaile ortografikotik hasi eta berriki Elhuyarrek aurkeztu duen itzultzaile automatikora. Eduki eta tresna digital horiek zeharo garrantzitsuak dira euskal hiztunon egunerokoa errazteko. Ez dakizula ongi hitz bat nola esaten den euskaraz? Bada, hor daude hainbat hiztegi Interneten.

Gaur, ordea, tresna horiek nola sortzen diren kontatu nahi dizuet oso gainetik. Har dezagun itzultzaile automatikoaren adibidea. Itzultzaile horren oinarrian neurona-sareak daude. Berriro?! Bai, sentitzen dut, baina berriro ere neurona-sareekin topatu zara nire zutabe batean. Teknika horiek behar bezala erabiltzeko, datu pila bat behar izaten dira. Gazteleratik euskarara itzultzen duen sistema baten kasuan, gaztelerazko testuak eta beraien parekoak euskaraz beharko genituzke. Neurona-sareari gaztelerazko testu bakoitzeko bere pareko euskalduna erakutsiko genioke. Era horretan, testu pare pila bat ikusi ondoren, sareak gazteleratik euskarara itzultzen ikasten du. Beraz, bi hizkuntzetan idatzitako testua edukitzea ezinbestekoa da modu horretako itzultzaile bat garatzeko. Baina nondik atera testu hori? Ez daude aukera asko. Gizakiok itzulitako testuak izan behar dute derrigorrean. Pentsa: itzulitako liburuak, erakunde publikoek argitaratutako testu eleaniztunak eta abar. Bestela esanda, garai batean hainbat eta hainbat testu euskarara itzultzeaz arduratu ez balira, gaur egun ezingo genuke itzultzaile onik izan. Ondorio hau, beste mila tresna eta aplikaziotara heda daiteke.

Beraz, euskararen biziraupenak mundu digitalean lagun on bat topa dezake. Baina mundu horretan behar bezala borroka egiteko, ezinbestekoa da euskal hiztunen komunitate sendo bat edukitzea, bai lehenaldian zein orainaldian. Tresna digital boteretsuak sortzeko, euskarazko eduki asko behar ditugu: audioak, testuak, itzulpenak eta abar. Hizkuntza handientzat erraza da hori lortzea. Pentsa ingelesez zenbat audio eta testu topa daitezkeen gaur egun. Euskara bezalako hizkuntzentzat, ordea, askoz lan gogorragoa da. Horregatik, zutabe hauetako bat idazten dudan bakoitzean pentsatzen dut agian egunen batean neurona-sare boteretsu bat entrenatzeko baliagarria izango dela (beste gauza batzuen artean). Hala izan bedi!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna